Legazpik memoria-gune bat izango du laster, eta bertara joan ahal izango dira haurtxoaren heriotzagatik doluan dauden familiak.Gune hori herriko kanposantuan egongo da eta, bertan, Juan Mari Burguera herriko artistak egindako eskultura bat jarriko da, hildako haurtxo guztien memoria ohoratzeko.Euskadiko memoriaren laugarren gunea izango da gurea, Gipuzkoako bigarrena.
Legazpiko Udalak Esku Hutsik elkartearekin (haurdunaldian, erditzean eta jaioberritan gertatzen diren haurtxoen heriotzengatiko dolu-elkartea) izan zuen lehen harremana 2023an, Zumarragako Ospitaleko emagin Jone Otamendiri esker, hark eman baitzion errealitate horren berri Udalari.Aurtengo urtarrilean "Haurdunaldian, jaiotza-inguruan eta jaioberritan ematen diren heriotzengatiko dolua ikusarazten" hitzaldia egin zen. Ondoren, otsailean, 2023an jaiotako legazpiarrentzako ongietorri-ekitaldia gauzatu zen eta elkartea ere bertan egon zen. Harrezkero, Esku Hutsik elkartearekin lanean jarraitu dugu, doluan dauden familiak ikusarazten eta babesten jarraitzeko.
Horrela, duela hilabete batzuk hasi ziren Legazpin dolurako memoria-espazio bat jartzeko aukera lantzen. Gune hori kokatzeko aukera desberdinak aztertu genituen eta Juan Mari Burguera herritarrarekin jarri ginen harremanetan, bera izango zelako memoria-gune horretarako eskultura bat egingo zuen artista. Ondoren, lantalde bat osatu zen eta bertan hartu dute parte Esku Hutsik elkarteko ordezkariek, artista legazpiarrak eta Legazpiko udalak. Lanean hilabete batzuk eman ondoren, Legazpik dolurako memoria-gune bat izango du, herriko hilerrian, eskaileren lehen tartea igo eta eskuinaldean dagoen lorategiaren ondoan. Hau izango da dolurako Euskadiko laugarren memoria-gunea, Gipuzkoako bigarrena. Gaur egun, Hernani, Derio eta Gasteiz dira gune horiek dituzten herri bakarrak.
Kokalekua adostu ondoren, Juan mari Burguerak eskultura bat diseinatu du. Eskultura hori izango da gunearen ardatza eta inaugurazio-egunean emango da ezagutzera. Eskultura horrekin pozik geratu dira bai Esku Hutsik elkarteko ordezkariak bai udala. Juan Mari Burguerak obraren eskubideak eman dizkio Udalari; beraz, bere keinua eskertzeaz gain, hasiera-hasieratik erakutsi duen onginahia eta inplikazioa nabarmendu nahi ditugu.
Gunea 2025. urtearen hasieran inauguratzea espero da.
Urriaren 15a
Datorren asteartean, urriak 15, Haurdunaldiko, Jaiotza-inguruko eta Jaioberritako Doluaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta, beraz, udaletxea kolore arrosaz eta urdinez argiztatuko da.
Urriaren 15ean monumentu eta eraikin publikoak argiztatzea, haurdunaldian, jaiotza-inguruan eta jaioberritan hil diren haurtxoengatiko doluaren sentsibilizazio-, ikusgarritasun- eta kontzientziazio-keinu bat da. Doluan dauden familiei laguntza eskaintzen dien Esku Hutsik bezalako elkarteek sustatutako keinua da.
Haurdunaldian, jaiotza-inguruan eta jaioberritan hildako haurtxoengatiko doluaren inguruan kontzientziatzea da proiektuaren helburua; haurtxo bat galtzeak zer esan nahi duen jakitea eta, eta estigma eta tabua murriztea, askotan familiak dolua isilik eta laguntza egokirik gabe bizitzera baitaude behartuta.
Udalak kontu horrekiko sentsibilitatea erakutsi nahi du, eta, horretarako, udaletxea kolore arrosaz eta urdinez argiztatuko du urriaren 12tik 15era.