Erregeen Kabalgata
Urtarrilaren 5ean, Erregeen kabalgatak zeharkatzen ditu herriko kaleak, 20:00ak aldera herriko plazan jarririko “Belengo estalpean” Erregeek beren eskaintzak egin eta ekitaldi nagusia burutzen da. Korosti Dantza taldea arduratzen da azken urteotan ekitaldiaz.
Kabalgata egunaren aurreko egunetan, Erregeentzako gutun bilketa antolatzen da Azokako eremuan.
INAUTERIAK
Azken urteotan hiru egunez ospatu izan dira Inauteri jaiak, Ostiralean ikastetxeen kalejirarekin hasi eta Lintxen etorreraren ondoren mozorroen eguna izaten da, arratsalde partean txarangaz lagundurik.
Larunbatean Legazpiko Gazteak Elkarteak antolaturiko konpartsak hartzen du txanda eta igandean berriz Euskal Herriko tradiziozko inauteri bat iristen da gure kaleetara Sustraiak Dantza taldeak sustaturiko konpartsa herrikoi baten bidez. Azken egun honetan iluntzean egiten den Lintxen agurrarekin ematen zaie amaiera Legazpiko inauteriei.
Maiatzeko “Santikutzak” (herriko jai nagusiak)
Maiatzaren 3a, Santikutz Eguna, dugu herriko zaindari eta egun horren inguruan ospatzen ditugu jai nagusiak. Legazpiko herri festek Mirandaolako gertaera dute iturburutzat. Herrikoiak, herriko elkarte eta taldeek, udalarekin bat antolatzen dituzte, apirilaren 30 arratsaldean hasi eta maiatzaren 1, 2,3an. Jaiek egun hauek gertuen dituzten asteburua ere hartzen dute eta Santikutz Txiki eguneko (Maiatzak 4) hurrengo igandean egiten den Mirandaola Egunak ematen die amaiera.
Oilar Jokoa
Korpus zortzigarren egunean egiten da joko hau herriko plazan. Garai batean arrunta zen joko hau gaur egun Legazpin bakarrik mantentzen da, eta badirudi antzar jokoaren oinarri bera duela. Jokoan begiak estalirik dituzten gazteek markaturiko bidean oilarra dagoen tokiraino iritsi behar dute, txistularien doinu jakin batez lagundurik.
Oilar jokoaren tradizioaren oinarriak ezagutzeko klikatu hemen.
San Juan bezpera: armen alardea
Errito bereziak egin ohi dira San Juan bezperako arratsean eta gauean. Herriko plazan, erdialdean, San Juan zuhaitza jartzen da. Garai batean gazteak goraino igo arte lehian aritzen ziren.
1994 geroztik Armen Alardea egiten da Laubide kaletik abiatuta herriko kaleetan zehar, garai batean egiten zenaren antzera.
Ilunabarrarekin batera San Juan sua pizten da herriko plazan eta herriko elkarte, musikari eta herritarren parte-hartzearekin, erromeria egiten da.
Auzoetako jaiak
Herriko hainbat auzotan, bertako bizilagunek sustaturik, auzoetako jaiak ospatzen dituzte. Hona hemen zeintzuk diren: Ekaineko 2. edo 3. asteburuan Hegialde auzoan; San Joanetan (ekainak 24) Telleriarte auzoan, uztailaren 18an Aztiri auzoan, San Inaziotan (uztailak 31) San Inazio auzoan eta San Agustinetan (abuztuak 28) Brinkola auzoan.
Artzain Eguna
Gipuzkoako Artzain Eguna iraileko lehen igandean ospatzen da. Gipuzkoako artzainen festa den honetan, Gipuzkoako Artzai Gazta Txapelketa ospatzen da. Goizean zehar gazta eta sagardoa dastatzeko aukera izaten da, artisau erakusketaz gozatzeko eta Gipuzkoko Latxadun Elkarteko ardi eta arkaztak ikusteko. Jendeak ere gazta hoberena aukeratzeko aukera izango du Dastaketa Popularrean . Ile mozketa erakustaldia ere egiten da eta herriko elkarteetako sukaldariek Gipuzkoako Ardi Okela gertatzeko txapelketan parte hartzen dute. Ondoren haragi hau dastatzeko aukera izaten da.
Eguerdian omenaldiak izaten dira: Artzain Gipuzkoarrak, Ameriketara joandako Artzainak, Artzain munduaren aldeko lanarengatik omentzen dena eta ELE elkarteko Artzain aipagarria. Ondoren sari banaketa eta anai arteko bazkaria. Arratsaldean Gipuzkoako Artzain Txakur Txapelketa ospatzen da.
agorreko “Santikutzak” (herriko jai txikiak)
Hauek ere herriko elkarte eta taldeek, udalarekin bat antolatuak dira.
ARDANBIDETAKO ERROMERIA
Garai bateko mendi magaletako erromeriak berpiztu asmoz Zingi-Zango euskara elkarteak jarri zuen martxan Agorreko Santikutzak jaien barruan. Urte batzuetako etenaren ondoren Lakiola-Kimuberrri elkarteak jarri du berriz ere martxan 2017an, urriko azken igandean, Lakiolako erromeria izenez ezagunagoa den ekitaldi hau.
San Nikolas
Abenduaren 6an bada ere, Legazpin abenduaren 5ean ospatzen da, bezperan egiten dute herriko gaztetxoek erronda, gotzaiaz mozorroturiko ikasle bat gidari dutela. San Nikolas egunak Eguberri festen zentzua eta urtemugaren gertutasuna burura dakartza. Badirudi gaur egun Legazpin San Nikolas abestaldeak egiten duen ibilaldia bere abesti, jantzi eta ohituretan, Arrasatetik ekarria dela, “Udalaitzen sortua”.
►Errondaren ibilbidea eta abestiak ezagutzeko klikatu hemen.
gabon erronda