Udalek bost urtean behin, euskararen erabilera normalizatzeko plan estrategikoa onartzen ohi dute, Eusko Jaurlaritzak finkatutako gidalerroen arabera. Azkenekoa, VI. plangintzaldiari (2018-2022) zegokiona, 2018ko abenduaren 26an onartu zuen Legazpiko Udaleko osoko bilkurak.
Plan estrategiko hori urtebetez luzatu zen eta orain, Eusko Jaurlaritzak proposatutako metodologia berria (KEMEN) erabiliz, VII. plangintzaldiari dagokion plan estrategikoa egin du Legazpiko Udalak, 2024-2027 epealdirako.
Plan estrategikoa onartuta, urteko kudeaketa-planak egin ohi izan ditu Udalak. Hortaz, urtea aurrera badoa ere, aurtengo lehentasunak zehaztuko dira eta horien arabera diseinatu eta garatuko da urteko kudeaketa plana.
Helburua:
Legazpiko udalean euskara zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza normala eta orokorra izatea eta, horrela, herritarrek udalarekiko harremanetarako aukeratutako hizkuntza ofizialean izateko duten eskubidea bermatzea. Horrezaz gain jauzi adierazgarria egin nahi da kudeaketa arloan eta horri begira hainbat neurri hartuko dira plangintzaldi honetan.
Erronka nagusiak:
▪ Herritarrek Udalarekin dituzten harremanetan euskaraz gehiago erabiltzea. Lehenengo hitza euskaraz egiteaz gain, udal langileek eta udal zerbitzuak eskaintzen dituzten langileek, oro har, jarrera proaktiboa izatea herritarrekin harremanak euskaraz izateko, beti ere herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuz.
▪ Lan-harremanak euskaraz izatea, euskaraz egin daitekeena euskaraz egitea, eta elebitasuna gainditzea.
▪ Erabilera-plana kudeatzeko sistema osatzea eta egonkortzea. Langileak eta arduradun politikoak planeko helburuetan inplikatzea, eredugarriak izatea.
LEGAZPIKO UDALEAN EUSKARAREN ERABILERA NORMALIZATZEKO PLAN ESTRATEGIKOA 2024-2027