Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Zioen Azalpenaren arabera, sektore publikoaren finantza-jardueraren zati handi bat diru-laguntzen bitartez bideratzen da. Finantza-jarduera horren helburua da pertsona eta erakunde publiko nahiz pribatuen eskaera sozial eta ekonomikoei erantzutea finantza-laguntza emanez.
Ekonomiaren ikuspegitik, diru-laguntzak gastu publikoaren modalitate garrantzitsua dira, eta, beraz, aurrekontu-politikaren jarraibideetara egokitu behar dira. Politika hori, gaur egun, aurrekontu-egonkortasunaren, finantza-iraunkortasunaren eta hazkunde ekono-mikoaren irizpideek bideratzen dute.
Ikuspegi horretatik, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra beste urrats bat da gure sistema ekonomikoa arrazionalizatzeko prozesuan, eta helburu horrekin antolatu diren neurri eta erreformetan txertatzen da.
Gardentasuna da lege hori arautzen duten printzipioetako bat, eta printzipio bera jasotzen da aurrekontu-egonkortasunari buruzko araudian ere. Xede horrekin, administrazio publikoek publiko egin beharko dituzte ematen dituzten diru-laguntzak. Aldi berean, legeak ezartzen du emandako diru-laguntza guztiei buruzko informazio garrantzitsua jasoko duen nazio-mailako datu-base bat osatu behar dela.
Gardentasun handiago horrek zuzenean dakar eraginkortasun- eta efizientzia-mailak handitzea diru-laguntzen gastu publikoaren kudeaketan.
Eraginkortasuna hobetzeko ildo horretan, 38/2003 Legeak administrazio publiko bakoitzean diru-laguntzen plan estrategiko bat egin behar dela ezartzen du, kudeaketa-elementu eta hobekuntza horretarako tresna izango dena. Plan horrek lortu nahi diren helburuak eta lortu nahi diren ondorioak aurreikusitako kostuekin eta horien finantzaketarekin lotuko ditu, diru-laguntzen bidez bete nahi diren premia publikoak eskuragarri dauden baliabideekin egokitzeko; eta hori guztia diru-laguntza eman aurretik.
Gainera, legeak jarraipena egiteko sistema bat planteatzen du helburuak kontrolatuz eta ebaluatuz. Sistema horrek aukera eman behar du nahi den helburuen lorpen-mailara iristen ez diren edo inbertitutako baliabideen mailarako desegokiak diren diru-laguntza lerroak aldatzeko edo eraginkorragoak diren beste batzuekin ordezteko, edo, hala badagokio, kentzeko.
Administrazioaren ikuspegitik, diru-laguntzak interes orokorrekotzat jotzen diren jokabide jakin batzuk sustatzeko teknika bat dira, baita administrazio publikoaren eta partikularren arteko lankidetza-prozedura bat ere, interes publikoko jarduerak kudeatzeko.
Era askotako diru-laguntzak daude, prozedura konplexuen bidez ematen direnak, eta, beraz, jarraipen eta kontrol eraginkorra behar dute.
Horrela, Diru-laguntzen Plan Estrategikoa beharrezko osagarria da diru-laguntzak emateko modua antolatzeko, gardentasunaren eta aurrekontu-orekaren printzipioak errespetatuz.