Legazpiko Udalak argitaratzen duen egutegia berezia izango da datorren urtean ere. 2024. urtearen hasieran, herritarrei galdetu genien zergatik sentitzen ziren Legazpi herriaz harro. Jasotako erantzunekin 12 bozkatuenak aukeratu dira eta horiek dira 2025eko egutegian agertzen direnak.
Leku bereziak, festak, ezaugarriak… Herritarrek 12 hitz hauek zeintzuk diren asmatu behar dute, hilabetero bana, eta horrekin laguntzeko Legazpiko Bertso Olarien parte hartzea ere izan dugu. Horrela, hilero bertso bat aurkitzen dugu argazkiarekin batera, egutegi berezi hau osatuz. Herritarrek hitza asmatzeko aukera izango dute eta asmatzen dutenen artean hilabetero 50€ko bonua zozketatuko da, herriko denda eta ostalaritzan gastatzeko.
Atzo arratsaldean egutegiaren aurkezpena egin genuen eta orriz orri disfrutatzeko aukera izateaz gain, Joxe Arizkorreta Bertso Olarien ordezkari gisa bertso berezia bota zuen “Legazpi herriaz harro” lelopean.
Gure herria maite dugula
nahiz eta esan suabe
harrotasunez esan daiteke
harrokeriarik gabe
herririk gabe nortasun oro
beti da ahula, herabe
Legazpi gure herria bada
egin guztiz horren jabe
segi herriaz harro egoten
gaur bezala bihar ere
Egutegien banaketa atzo hasi zen eta datozen egunetan legazpiar guztiek euren etxetan izango dute. Zorionak eta urte berri on!