“Politika fatxadetan, 1984-1998. Legazpi” erakusketak, urte asaldagarri eta nahasi horiek Legazpin nola bizi izan ziren erakutsi nahi du, eta Legazpiko fatxadetan irudikatutakoaren ikuspegitik adierazi nahi du hori. Garai hartako erakunde politiko eta sindikal ia guztiek, Legazpin ordezkaritza zutenek, herriko fatxadetan ezagutarazi zituzten beren kontsignak, eskaerak, aldarrikapenak, eta abar. Ohiko kartelak erabili zituzten horretarako baina, horiez gain, pankartak eta pintadak egiten zituzten, eta, kasu batzuetan, aldarrikapenezko artelan txikiak izatera ere iritsi ziren. Erakusketan, halaber, garai hartako kartelen, argazkien eta dokumentazio politikoaren irudikapen bat ere ematen da ezagutzera.
“15 urtez, gutxi gorabehera, Legazpiko fatxadetan islatutako gertakari politiko horien argazkiak egiten aritu nintzen, diapositiba-euskarrian. Egindako 1.200 diapositiba baino gehiago hartueta aukeraketa bat egin behar izan dut, eta, horietatik, 700 bat aukeratu ditut erakusketarako. Egoera edo baldintza onenetan zeudenak edo erakusketaren helbururako egokienak iruditu zaizkidanak aukeratu ditut. Ageriko arrazoiengatik, saihestu egin ditut pertsona jakin batzuei buruzko pintadak erakusketan azaltzea. Alderdi edo erakunde jakin batzuek ordezkaritza handiagoa izatea, horrelako ekintzetan alderdi edo erakunde horiek jarduera handiagoa izatearen isla baino ez da”, azaltzen du Aurelio Gonzalez-ek, erakusketako komisarioak.
“Fabrika” gunea izenekoak, iraganerako bidaia izan nahi du. Bidaia horretan, bisitariak industrializazioaren ondorioz sortutako lan-munduaren eta langileen bizitza sozialaren hainbat alderdiren arteko ibilbidea egin ahal dezake. Besteak beste, honako gaietara hurbilduko da bidaiaria: langileen etorrera, fabrikarako sarbidea, lanaren antolaketa, emakume langilea, etxebizitza eskuratzeko zailtasuna, sindikalismoa, segurtasuna eta higienea, aisialdia, politika, eta abar.
Inaugurazioa: Abenduak 17, 19.00tan
Data:abenduaren 17tik urtarrilaren 19ra
Ordutegia:
- Ostiralak 17.00-19.00
- Larunbatak: 11.30-13.30 / 17.00-19.00
- Igandeak: 11.30-13.30
Tokia: Chillida Lantoki (Azpikoetxea, 3)