Legazpiko familiek urriaren 10era arte eskatu ahal izango dute eskola-materiala eta ekipo informatikoak erosteko laguntza, Udaleko webguneko Egoitza elektronikoaren bidez nahiz aurrez aurre Herritarrentzako Arreta Bulegora joanda (ordutegia: 7.30-15.00).
Honez gero, 54 eskaera jaso dira. Iaz 112 jaso ziren.
Laguntza hauen helburua bikoitza da: familiei laguntzea seme-alabak eskolatzeak dakarren gastuan, eta tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzea.
Udal Hezkuntza zerbitzutik gogorarazten dute, 5-6 eta 17 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoek edo tutoreek eska ditzaketela laguntza horiek, baldin eta Lehen Hezkuntzako 1.mailatik Batxilergora edo Erdi-mailako Lanbide Heziketara bitartean matrikulatuta eta Legazpiko helbide berean erroldatuta dauden. Beste bizileku batean erroldatuta egoteko legezko arrazoiren bat dagoenean, egiaztatu beharko da.
Laguntzak familia-errentaren arabera izango dira. Horrela, eskola-materiala Legazpiko dendetan erosteko laguntzak 70 eta 140 euro bitartekoak izango diraseme edo alaba bakoitzeko. Informatika-ekipoak Gipuzkoako Lurralde Historikoko dendetan erosteko laguntzak berriz, 100 eta 350 euro bitartekoak izango dira familia bakoitzeko.
Ekipo informatikoak erosteko laguntza bi urtekoa izango da. Hau da, aurten ezingo dute ekipamendu informatikoak erosteko laguntzarik jaso aurreko urtean horretarako laguntza eskuratu zutenek. Eskolako materiala erosteko laguntzak urtekoa izaten jarraituko du, eta urtero eskatu ahal izango da.
Familia bakoitzak eskaera BAKARRA aurkeztuko du. Eskabide-ereduarekin batera, fakturak aurkeztu beharko dituzte eta urriaren 10era bitartean egindako erosketen fakturak onartuko dira.