pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Legazpik Europako Mugikortasunaren Astea ospatuko du
12
Ira
2024

Legazpik Europako Mugikortasunaren Astea ospatuko du

Irailaren 16tik 22ra udalak hainbat jarduera antolatu ditu

 

Legazpik bat egingo du Mugikortasun astearekin, hilaren 16-22 bitartean jarduera desberdinak aurrera eramanez: bizikleta-martxa, bide-hezkuntza patinetearekin eta bizikletak konpontzeko tailerra, Gipuzkoako Aldundiaren eskutik. Garraio-praktika iraunkorragoak sustatzea helburu du ekimen honek.

 

Europako Batzordeak 2024ko kanpainarako aukeratu duen gaia ondorengoa da: "Espazio Publiko Partekatua"; eta ekimenaren leloa, berriz, "Konbinatu eta mugitu!".

 

Espazio publikoa partekatzeak onura asko dakarzkio gizarteari. Pertsonek, garraio-modalitateek eta jarduerek beren espazio propioa duten eremua, oreka sozial handiagoa, bide-segurtasun handiagoa, zarata eta airearen kutsadura gutxiago eta bizi-kalitate hobea duen eremua da.

Mugikortasunaren Europako Asteak gure espazio publikoa nola partekatu elkarrekin erabakitzera gonbidatzen gaitu, bai eta ingurune atsegin batean segurtasunez eta erosotasunez mugitu gaitezen ziurtatzera ere, bereziki, oinezko eta txirrindulariak.

 

Legazpin aurrera eramango diren ekintzak ondorengoak izango dira:

 

Irailak 16, astelehena

JARRI ZURE BIZIKLETA PREST MUGIREKIN

16:00etatik 20:00etara furgoneta-tailer bat egongo da bizikletak konpontzeko.

  • Ekarri beharrekoa: bizikleta
  • Nori zuzendua: herritar guztiei. (Doako zerbitzua. Mugi txartel pertsonalizatua aurkeztu behar da).
  • Tokia: Euskal Herria plaza

Aldundiak furgoneta-tailer bat ekarriko du, eta bizikleten oinarrizko konponketa-zerbitzua eskainiko die MUGI txartel pertsonalizatua aurkezten dutenei. Ekimen honen bidez, herritarrak matxura txikiengatik erretiratuta dituzten bizikletak erabiltzera animatu nahi dira eta, horrela, beste garraiobide batzuk, batez ere ibilgailu pribatua, baztertzea da helburua.

 

Irailak 17 eta 18, asteartea eta asteazkena

BIDE HEZKUNTZA PATINETEAN

Arratsaldeko 17:30etik 18:00etara elkartzeko denbora izango da eta saioa 18:00etatik 19:00etara izango da.

  • Ekarri beharrekoa: patinetea
  • Nori zuzendua: batez ere LH4,LH5 eta LH6ko ikasleei
  • Tokia: irailaren 17an Laubiden eta irailaren 18an Azoka gunean

Umeek patinetea ekarri beharko dute. Patinetearekin libre ibiliko dira udaltzainek zehaztutako eremuan. Eta ondoren ikusaraziko zaie, libre ibiltzeak arriskuak dituela. Egoera aztertu ondoren, haurrek arauak jarriko dituzte, beti ere udaltzainen oniritziarekin. Saioari amaiera emateko, mugikortasunerako arauak daudela eta horiek errespetatuz gero arriskua nabarmen gutxitzen dela ikusaraziko zaie.

 

Irailak 19, osteguna

LEGAZTIPI-TAPAK MUGIKORTASUN ASTEAREKIN BAT

  • Noiz: 10.30ean
  • Nori zuzendua: herritar guztiei
  • Tokia: Euskal Herria plaza

Ostegun horretan Legaztipi Tapa jarduerak Mugikortasunaren astearekin bat egingo du. Atxikimendu hori agerian utziko dute kanpainaren irudia duen zapi bat jantzita.

 

Irailak 20, ostirala

BIZIKLETA MARTXA

17:30etik 18:00etara elkartzeko tartea izango da eta saioa 18:00etatik 19:00etara izango da.

 

  • Ekarri beharrekoa: bizikleta eta kaskoa
  • Nori zuzendua: herritar guztiei, baina batez ere, haurrei eta haien gurasoei
  • Tokia: Euskal Herria plaza

 

Herritarrak plazan elkartu eta herritik zehar bira bat egingo da, errepidea zein bizikleta bideak erabiliz. Ibilbidea egin aurretik izen-abizenak jasoko dira. Izan ere, bira ondoren bizikletarako hainbat gailu zozkatuko dira eta pintxoak banatuko dira.

Albiste guztiak