pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Nola irudikatzen duzu Kale Nagusi berria?
06
Urr
2014

Nola irudikatzen duzu Kale Nagusi berria?

Urriaren 9an lehenengo bilera

Kale Nagusia oinezkoentzat egokitzeko prozesua herritarrekin batera erabakiko du Udalak
 
Urriaren 9an egingo dute lehenengo bilera, dendari, tabernari eta taxilariekin, eta Agenda 21 Foroan ere landuko dute gaia bizilagunekin
 
Urrun ikusten zen asmoa egia bihurtzear dago; izan ere, 2008an sinatutako Mugikortasun Planaren baitan jasotako hainbat egokitze prozesuren artean handienetako bat, Kale Nagusia oinezkoentzat bihurtzea alegia, aurrera doa.
 
Udalak, dena den, herritarren partaidetza bilatu nahi du prozesuaren nondik norakoak erabakitzeko. Horretarako, hainbat bilera egin, eta parte hartzeko hainbat bide ezarriko dituela iragarri du.
 
Urriaren 9an, osteguna, 14:30ean egingo dute lehenengo bilera, Kale Nagusiko dendari, tabernari eta taxilariekin. Egun berean, 18:30ean, berriz, Agenda 21 Foroa izango da, Udaleko Pleno Aretoan; eta bertan ere gaia landuko dute.
 
Bilera horretara bereziki gonbidatuta daude Kale Nagusiko bizilagunak, kultur eta kirol elkarteak (askotan Kale nagusian ekitaldiak egiten dituztelako), eta azken batean, proposamenak egin nahi dituen edozein herritar. Gainera, urtea amaitu arteko Foro guztietan gai hori izango da ardatz nagusia.
 
Eskola Agenda 21eko ikasleek, bestalde, "Bizitzeko Herria" dute aurtengo gaia, eta gaiarekin lotutako proposamenak aurkeztu behar dizkiote Udalari.
 
2015ean gauzatuko da obra
Urriaren 30ean egingo da hurrengo Foroa, eta bertan, hainbat kolektiboren proposamenetatik ondorioak atera, eta lehentasunak zehaztuko dituzte. Lehentasun horiek kontuan hartuta, Udalak proposamen bat edo gehiago landuko ditu; eta abenduaren 4ko Foroan aurkeztuko dizkie herritarrei proposamen horiek.
 
Aurreikuspenen arabera, 2015eko urtarrilerako proiektua idatzita egongo da, eta 2015. urtean zehar gauzatuko da obra.
 
2008. urteko Mugikortasun Plana dela tarteko, herriko bide eta gune asko hobetu eta egokitu dira dagoeneko: bidegorriak, Laubide eta Nafarroa kaleak oinezkoentzat bihurtzea, Junetorri autobusa, igogailua, Patrizio Etxeberria kaleko lanak, Osasun Zentroaren inguruan egindakoak... Horri buruzko informazio guztia eskuragarri dago http://www.legazpiko-udala.info/eu/udala/udalak-sustatutako-planak/mugikortasun-plana helbidean.
 
 
Online Foroa
Aurrez aurreko foroez gainera, Agenda 21eko Online Foroa dago erabilgarri. Herritarrek euren iritzia emateko aukera daukate, aldez aurretik autentifikazioa eginda.

Online Forora sar zaitez!

Zehazki, bilera bakoitza egin baino astebete lehenago, bertan aztertuko den gaiari buruzko galdera bat egingo dute Online Foroan; ondoren, sarean jasotako ekarpenak bildu eta Forora eramango dituzte.
Taldean eztabaidatu ondoren, webgunean bertan ikusi eta irakur daitekeen akta batean jasoko dituzte emaitzak. Era horretan, Forora joan ezin duten pertsonek ere euren iritzia eman ahal izango dute.
 
Udaletik deia egin dute bitarteko berri honen bidez nork bere ekarpenak bidaltzeko, herritarren partehartzea benetan funtsezkoa baita.

Albiste guztiak