Legazpiko Kultura Sailak urtero antolatzen duen 'Azaroan Musika' zikloa berrikuntzaz beterik etorriko zaigu aurten; izan ere, Santa Zezilia Egunean, Musikariaren Egunean, Benito Lertxundiren kontzertua izango da Urbeltz pilotalekuan.
11 urte dira Lertxundik Legazpin azkenekoz jo zuenetik. 2003. urtean inauguratu zen Urbeltz pilotalekua, eta urte horretan jo zuen, hain zuzen, musikari oriotarrak gurean. Pilotalekua lepo bete zen.
Azaroaren 22an emango duen kontzertuak ere orduko arrakasta izatea espero dute, eta horretarako, Udaleko Merkataritza Batzordeak 15 sarrera bikoitz zozketatuko ditu urriaren 3tik 23ra bitarte Ilintiko dendetan erosketak egiten dituzten herritarren artean.
Urriaren 24an, zozketa
Parte‐hartzaileek euren izena eta erosketa eguna idatzi beharko dituzte ordainagiriaren atzealdean, eta dendetan jarriko diren kutxetan utzi. 15 sarrera bikoitzen zozketa urriaren 24an egingo da, 20:00etan, Nafarroa kalean.
Ekimen honekin, herriko dendetan merkataritza sustatzearen aldeko apustua egin nahi izan du Udaleko Merkataritza Batzordeak.
Zozketan saririk irabazi ez, baina kontzertura joan nahi duen edonork, bestalde, aurrez izango ditu sarrerak salgai, 20 euroren truke.
Legazpin, esaterako, Kultura Sailean, Urbeltz tabernan eta Kukue tabernan. Zumarragan, berriz, Hiruki tabernan; eta Urretxun, HD tabernan. Eta baita Oñatiko Arkupe tabernan ere. Bertaratzen ibili nahi ez dutenentzat, Kutxabank bidez egongo dira eskuragarri.
Eta aurretik erosteko aukerarik izan ez dutenek azaroaren 22an bertan erosi ahal izango dituzte, leihatilan, 22 euroren truke.