Aurreko larunbatean, irailak 6, Legazpiko Udalak ofizialki inauguratu zuen Agirre‐Etxeberri parkea. Lorategiak jendez bete ziren, bertan egindako lehen ekintzaz gozatzeko. 18:30ean bildu ziren guztiak, eta lehenik eta behin, Kepa Urzelai alkateak eta Rakel Puente kultura zinegotziak esandako aurkezpen hitzak entzun zituzten.
Biek ala biek parkearen ezaugarriak izan zituzten hizpide: "Urteetan geldi eta ukiezin egon den gune hau legazpiar guztion bilgune, ekintzak gauzatzeko eremu, ariketa egiteko toki eta gazte zein helduen plaza izatea bilatu dugu", adierazi zuten. Eta Musika Eskola bertako eraikinean ezartzeko lan egin dutela, eta egingo, azaldu zuten: "Orain, eraikina egokitu eta Musika Eskola bertan jartzea izango da eman beharreko hurrengo pausoa. Parkeari ez ezik, eraikin hotsandikoari ere merezia duen erabilera emateko. Eta Udalak, orain artean bezalaxe, ahalegin guztiak egingo ditu hala izan dadin".
'Musika Parkean', naturarekin bat
Inaugurazio hitzen ostean, Musika Parkean egitasmoko bigarren kontzertua izan zen; Agirre‐Etxeberrin egindako lehena, alegia. Laurobataldeak jo zuen, inolako eszenatokirik gabe, jendearekin bat eginda. Giro paregabea lortu zuten, eta legazpiarrek musika ederraz gozatzeko aukera izan zuten, paraje ezin hobean.
Uztailean izan zen musika eta natura uztartzea helburu duen egitasmo honetako lehen kontzertua. Ordukoan, Mac Jeara's Band talde legazpiarrak Urtatzazarreko parkean jo zuen.
Larunbatekoa Agirre‐Etxeberrin egindako lehen ekintza izan zen, atzetik etorriko diren guztien abiaburu. Aho zapore gozoarekin geratu ziren bertan izan ziren guztiak; nola herritarrak, hala musikariak eurak. Herritarrak belarretan eserita zein zutik egon ziren, musikaz gozatzen. Laurobako kideek, bestalde, adierazi zuten sekula horrelakorik egin gabeak zirela. Jendearekiko hurbiltasuna nabarmendu zuten ororen gainetik, eta benetan kontzertu berezia izan zela esanda alde egin zuten. Udalak ere oso balorazio positiboa egin du.