pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Legazpi Xabi Zurutuzarekin
03
Ira
2024

Legazpi Xabi Zurutuzarekin

Udalak babesletza-kontratu bat sinatu du, eta Xabik Legazpi izena eramango du munduan zehar

 

Xabi Zurutuza legazpiarrak arrakasta handia izaten jarraitzen du, eta Zaragozan denboraldiko emaitzarik onena lortu ondoren, aste honetan harrera egin zaio Legazpiko Udalean. Bertan, zoriondu eta aitortu egin zaio orain arte egindako lana, eta, gainera, babesletza-kontratu bat sinatu du, kirolaren esparruan egiten ari den lana babesteko eta bere arrakasta profesionalak finkatzen laguntzeko.

Kontratua ekainean sinatu behar zen baina Legazpiko pilotuak istripua izan zuen eta sendatzeko tartea hartu behar izan du; beraz, babesletza-kontratuaren sinadura aste honetara atzeratu da. Hala, astelehenean, Eric Galvez alkateak eta Josu Galilea kirol-zinegotziak Xabi Zurutuza pilotuari harrera egin zioten herriko udaletxean, eta pilotuak eskerrak eman nahi izan zizkien jasotzen ari den laguntzagatik. Alkateak, bere aldetik, honako hitzak eskaini zizkion: "Xabi ideiak oso argi dituen mutila da, baikorra da berez, gazteenei zenbait balio transmititzen dizkie, hala nola lan gogorra, diziplina eta amets baten aldeko borroka. Eredugarria da guztientzat, eta berak badaki herri hau berarekin dagoela eta lasterketa bakoitzean ere bultza egiten diola”.

Hala, Xabi Zurutuza herriko armarria erakusten ari da Moto GP munduko txapelketan, Legazpi izena soinean daramala. Halaxe hitz egin du Xabi Zurutuzak: “Orain oso momentu onean nago. Asteburu bizia izan da Zaragozan, eta eskerrak eman nahi dizkiet bertara hurbildu diren legazpiar eta lagunei emandako laguntzagatik; pixka bat zaila izan da, baina buelta ematea lortu dugu. Eta oraintxe bertan amets bat betetzen ari naiz, nire herria nirekin eta motoziklismoa bezalako kirolaren alde dagoela ikusita”.

Maiatzeko jaietan, Xabi Legazpira etortzeko aukera izan zuen eta motoziklismora gerturatu zituen legazpiarrak; era berean, herrian oso maitatua dela egiaztatu ahal izan zuen. “Jaietan jende asko hurbildu zen. Sinestezina da zer sentitzen den haurrak autografo bat sinatuta jasotzearekin bakarrik ze zoriontsu diren ikustean. Itzela izan zen. Agorreko Santikutzetan ezin izango naiz egon, Murtzian entrenatu behar dudalako Asiako bira egiteko, baina ahal dudan guztietan itzuliko naiz ", esan du.

Gaur egun, Xabi Zurutuza Murtzian bizi da, eta oso pozik dagoela esan du. “Egunerokotasuna zaila eta gogorra da, baina hori da gustatzen zaidana. Motoa dut gustuko, eta ez naiz ikusten beste zerbait egiten. Oraina bizitzea gustatzen zait, baina beti dago hor nire helburua: gora egiten jarraitzea eta Moto GPko txapeldun izatera iristea”, ziurtatu du.

 

Legazpiar hau etengabe ari da hazten, eta Legazpik bere bilakaeraren eta garaipenen parte izan nahi du, eta horixe izan da aste honetan udalean sinatu den publizitate-babesletzako kontratuaren xedea. Kontratu horrekin, Legazpiko Udalak eliteko kirolari legazpiarra "Moto GP Moto 3" munduko txapelketan egiten ari den lana babesten du eta, horretarako, Xabi Zurutuzak 7.260,00 € jasoko ditu.

 

Aupa Xabi!

Albiste guztiak