Erre Produkzioak-en Bihar arte soilik lanarekin jarriko dugu abian Latxartegi Aretoko 2025eko antzerki programazioa. Lehen emanaldi honetan legazpiar aktore bat izango dugu taula gainean, Mikele Arizkorreta Renedo hain zuzen ere.
“Lagun talde batek bidaia bat egingo du, eta beren nortasunak ulertzen hasiko dira. Aitziberrek bidaia bat irabazi du supermerkatu bateko zozketan, Karibeko turismoko gune batera. Lau lagunentzat da bidaia. Hauek dira gonbidatuak: Olatz, bikotekidea; Ilargi, Aitziberren eta Olatzen laguna, eta Ekaitz, Ilargiren laguna, azken unean gonbidatua, Ilargik mutil-laguna desleiala izan zaiola jakin ondoren. Bidaian, euren arteko harremana jokoan jarriko duten erronkei egin beharko diete aurre gazteek”.
Bihar arte soilik harreman irekiei eta sexualitatea ulertzeko modu berriei buruzko proiektua da. Ikuspegi komiko batetik, baina sakontasunez eta angelu emozionala ahaztu gabe, obrak gogoeta eragin nahi du, harremanak ulertzeko moduan gertatzen diren aldaketei buruz, oro har, eta horrek gazte talde batean izan dezakeen eraginari buruz, bereziki.
- 60 min
- KOMEDIA
- EUSKARAZ
- Egilea: David Caiña
- Antzezleak: Lorea Intxausti, Nerea Elizalde, Albar Cirarda, Mikele Arizkorreta
- Zuzendaritza: Gorka Minguez
Sarrerarik geratzen bada, urtarrilaren 17an, aretoko leihatilan jarriko dira salgai 18:30etan.
Sarreren prezioa: 10€takoa izango da.