Legazpiko Udalak hainbat gune ditu herritarrek beren kezkak, eskaerak, iradokizunak edo kexak adieraz ditzaten. Hala, honako espazioak dituzte herritarrek horretarako: Udalaren web orria, LegazpiOn aplikazioa, telefonoa, posta elektronikoa edo, nahi izanez gero, zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzura jo dezakete. Gainera, gaur egun herritar guztiek eska dezakete alkatearekin eta zinegotziekin elkartzeko hitzordua, edozein kezka edo arazori aurre egiteko.Udal Gobernua herritarrengana hurbiltzeko eta herritar GUZTIEK aukera berberak izan ditzaten, 2024ko otsailaz geroztik, gobernu-taldeak udaletxera joateko edozein zailtasun-mota duten legazpiarren etxeak bisitatzeko prest zegoela adierazi zuen.Hala, 2024an zehar alkatearen bisita jasotzea eskatu duten legazpiarrek, zuzenean zalantzak eta kezkak argitzeko aukera izan dute alkatearekin.
Ekimen hori abian jarri zen, udala hobeto kudeatzeko edo beste gai interesgarri batzuetarako herritarrek garrantzitsutzat jotzen dituzten ekarpen guztiak jasotzeko, bai eta herritar guztien kezkak entzun eta konpontzen saiatzeko ere. Hala, hitzordua eskatzeko, nahikoa da Udalarekin harremanetan jartzea, herri barrutik 010 zenbakira deituz eta kanpotik 943 73 70 30 zenbakira deituz edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.
“Gobernu-taldeak herritarren benetako beharrei erantzuteko efizientea eta eraginkorra izateko konpromisoa hartu du, haiek baitira gure lan politikaren ardatz nagusia.Hori lortzeko, ezinbestekotzat jotzen dugu gertuko administrazioa izatea eta entzute aktiboa egitea, eta, horregatik, etxeetara ere hurbiltzen gara ", azaldu du Eric Galvez alkateak.
Gainera, 2025 honetan zehar, iaz onartutako legegintzaldiko Kudeaketa Planean jasotzen den bezala, auzoak mantentzeko eta hobetzeko plan bat egingo da, eta diagnostikoa osatzeko, bisitak egingo dira udalerriko auzo eta kale guztietara; bisita horietan herritarrek parte hartzea eskatuko da.
Azkenik, herritarren parte-hartzeari dagokionez, datozen asteetan Eraiki Dezagun Legazpi ekimenaren balantzea egingo dela jakinarazi nahi dugu. Bertan, herritarren 176 ekarpen jaso ziren eta auzoetan egingo diren bileren datak iragarriko dira.