Aurten ere iritsi da Artzain eguna jai giroan ospatzeko urteroko hitzordua eta horretarako latxa ardia, Idiazabal gazta eta artzain txakurraren inguruko egitarau oparoa antolatu dugu: goizean zehar, Gipuzkoako Artzain Gaztaren 40. Lehiaketa, gazta eta sagardo dastaketa, artisauak, gaztagintza tailerra, ardi mozketaren erakustaldia, ardi erakusketa eta ardi okelaren lehiaketa izango dira besteak beste. Aurten berrikuntza bezala haurrentzako jolasak egongo dira elizako parkearen ondoan eta eguraldi txarra egingo balu frontoian.
Edizio honetan Juan Yaben, Juan Jose Ezkurra eta Joaquin Ezkurra, Ameriketako artzainak, omentzeaz gain, artzain munduan erreferente izan den Milagros Oiartzabal ere omenduko dugu. Horrez gain ere, sorpresaren bat egongo dela aurreratzen du udalak.
Gainera, baserritarrez jantzita joateko tradizioa berreskuratu nahi da ta horretarako ekimen txiki bat jarri dugu martxan. Artzain egunean Photocall bat egongo da eta horrekin argazkiak ateratzea animatzen zaituztegu. Parte hartzen duten argazki horiekin artzain eguneko instagram-a (@artzainegunalegazpi)etiketatu ondoren, koadrilan gozatzeko bazkari bat zozketatuko da.
Bestalde, urtero bezala, herri bazkaria egongo da Aitxuri jatetxean, tiketak salgai daude 25€-ren truke udaletxeko HAZ-en. Herri bazkariaren ostean, arratsaldean, Gipuzkoako 55. Artzain Txakur Txapelketa egingo da Urtatzako zelaian.
Geurea den ondare guzti hau, ezagutu, dastatu eta bizi nahi baduzu, zatoz igandean Gipuzkoako Artzain egunera!
Ondorengo web gunean, egitaraua eta promozio bideoa ikus daiteke: