Legazpiko nerabeek uda bikaina pasa dute Nerabeentzako Zerbitzuan antolatu diren jardueretan eta, batez ere, Arcachongo akuaparkera egindako irteera berezian, Zerbitzuaren 20. urteurrena dela-eta berreskuratu dutena.
Gainera, Donostiako hondartzara (ekainaren 27an) eta Hernaniko igerilekura (uztailaren 10ean) joan dira. Azokako ostiral batean (uztailaren 5ean) Nerabeentzako Zerbitzuaren Eguna ere ospatu dute pintxo eta musika artean. Eta sormenari bidea emanez, uztailaren 18an eta 19an tailer bat egin dute, birziklatutako materialak erabilita, sofa bat egiteko. Hilabete osoan ere ez dira askaririk edo bazkaririk falta izan oporretara joan aurretik agur esateko.
Hezitzaileen taldea lanean aritu da uztailaren 24ra arte eta irailaren 4an itzuliko da berriro. Hasierako lehenengo egunetan, oporren ondorengo hartu-emanetan murgilduko dira Gizarte sareetan eta kalean; eta irailaren 11n eta 12an Gazte-txokoa zabalik egongo da ohiko ordutegian. Agorreko Santikutzak (Santikutz txikiko jaiak) pasa eta gero, irailaren 18an ohiko ordutegian irekiko da berriro, lanegunetan zein asteburuetan.
Ondo pasa oporretan eta bueltan Nerabeentzako Zerbitzuan izango gara 11 eta 17 urte bitarteko gazteekin kalean, gizarte sareetan eta Gazte-txokoan esku-hartzeko prest! Bitartean, udako jarduera guztien berri emateko prestatu dugun bideoa partekatzen dugu. Zuen gustukoa izatea espero dugu!