Juan de la Rubia, Bartzelonako Familia Sakratuaren Basilikaren organista titularra da, eta, jatorriz, Vall d 'Uixókoa (Castelló) da. Aitaren eta Ricardo Pitarchen tutoretzapean hasi zuen bere musika-prestakuntza. Haren hezkuntza artistikoa Europako hainbat hiriburutan garatu zuen, maisu nabarmenen gidaritzapean: Óscar Candendo, Wolfgang Seifen, Michel Bouvard eta Montserrat Torrent. Olivier Latry eta Ton Koopman ere izan zituen irakasle. Ikasketak amaitzean aparteko hainbat sari jaso zituen eta lehen sariak eskuratu zituen Espainiako Musika Gazteen Lehiaketa Iraunkorrean eta Lehen Palau lehiaketan. Sari horiek eragin nabarmena izan zuten bere karreraren hasieran.
Bakarlari gisa egin duen lan aktiboari esker, munduko hogeita hamar herrialde baino gehiagoko agertoki nabarmenetan jardun ahal izan du, hala nola Kataluniako Musikaren Palau, Madrilgo Musika Entzutegi Nazionala, Berlingo Konzerthaus, Leipzigeko Gewandhaus, Hanburgoko Elbphilharmonie, Parisko France irratiko Maisonen Auditorioa, Mariinsky antzerkia eta San Petersburgoko Philharmonia. Katedral ospetsuetan ere jardun
du, hala nola Kolonian, Berlinen, Westminsterren, Vienan, Genevan, Bogotan, Mexikoko Hirian, Tunisian edo Parisko Saint-Sulpice elizan.
De la Rubiak bakarlari- eta zuzendari-lanak egin ditu hainbat orkestrarekin batera, hala nola Espainiako Orkestra Nazionalarekin, RTVEko Orkestrarekin, ORCAMekin, Galiziako, Bilboko, Asturiasko Printzerri-ko, Gaztela eta Leongo orkestra sinfonikoekin eta Bogotako Orkestra Filarmonikoarekin, besteak beste. Hainbat zuzendarirekin egin du lan, hala nola Andrew Grams, François-Xavier Roth, Salvador Mas, Simon Rattle, Roberto Gonzalez Monjas, Pablo Gonzalez, Pascal Rophé eta Thierry Fischer. Historikoki informatutako interpretazioaren arloan, Les Sièclesekin lan egin du, eta Tenerifeko Orkestra Barrokoa, Freiburger Barockorchesterra zuzendu ditu. Berriki, bere orkestra propioa sortu du: Miracleko Orkestra, eta harrera bikaina lortu du ikusle eta kritikarien artean 2023ko ekainean egindako aurkezpen-kontzertuan.
Gainera, hainbat bakarlarirekin lan egin du, hala nola Matthias Goerne, Carolyn Sampson, Elena Obraztsova, Marta Mathéu eta Philippe Jaroussky. Azken horrekin, “Sacred Cantatas” CDa (Erato, 2016) grabatu zuen, Grammy sarira izendatua izan zena. Marco Mezquida musikariarekin ere “Bach & Forward” inprobisazio-proiektua garatu du.
De la Rubiak zinema mutuko lmei buruzko inprobisazioan ere espezializatu da, besteak beste, Faust eta Nosferatu (Murnau), Metropolis (Lang), El maquinista de la general (Keaton) edo El gabinete del Dr. Caligari (Wiene). Bere diskografian, nabarmentzekoak dira Johann Sebastian Bach eta Antonio Cabezon musikariei eskainitako grabazioak, Bartzelonako Musikaren Museoko Hauslaib klabiorganoarekin (1590). Aipatzekoa da, duela gutxi, Bogotako Katedralaren organoan egindako grabazioa.Belles Arts de Sant Jordiko Reial Acadèmiako kidea da eta Kataluniako Goi Eskolako irakaslea.
Eskainiko duen egitaraua:
- G. F. Händel (1685-1759)
Obertura de Samson (transcripción: Juan de la Rubia)
- J. Alain (1911-1940)
Variaciones sobre un tema de Clement Jannequin
- J. de la Rubia (1982)
Interludio improvisado I
- A. Soler (1729-1783)
Sonata en Re mayor, R. 84
- J. S. Bach (1685-1750)
Nun komm der heiden Heiland, BWV 659:
- Ch. Tournemire (1870-1939)
Choral-Improvisation sur Victimae Paschali laudes
- L. Vierne (1870-1937)
Méditation (de Trois improvisations
- J. de la Rubia
Interludio improvisado II
- Ph. Glass (1937)
Mad Rush
- J. de la Rubia
Improvisación final