Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek Legazpiko KZGunea bisitatu du, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren zuzendari Eluska Renedo-Illarregirekin eta Legazpiko Garraio Publikoko zinegotzi Oscar Valbuenarekin batera.
Joan den apirilaren 15etik, Legazpiko KZguneak mota horretako izapideak egiteko laguntza eskaintzen die herritarrei, eta azken asteetan, Zumarraga, Azkoitia eta Azpeitiko zentroak ere gehitu dira. Helburua da horrelako izapideak Internet bidez egiteko zailtasunak dituzten pertsona guztiek zentro horietan aurrez aurreko laguntza jasotzea, izapide horiek egin ahal izateko.
Oraingoz, erantzuna bikaina izan da: hilabete baino gutxiagoan, Legazpiko KZguneak 80 pertsona baino gehiagori eman die laguntza Mugi txartelarekin lotutako izapideak egiteko.
Legazpiko Udalak bultzatutako esperientzia pilotuaren arrakastaren ondorioz, Gipuzkoako KZguneak MUGI txartelarekin lotutako izapideak egiteko laguntza-gune gisa gaitzea erabaki da, dela txartel berriak egiteko, dela txartelak berritzeko.
Udaletik eskerrak eman nahi dizkiegu, bai KZguneari, bai Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari, akordio honetara iristeko erakutsi duten prestasunagatik. Legazpiko KZguneko langileei ere eskerrak eman nahi dizkiegu egiten ari diren lanagatik.
Kontuan hartzekoak:
MUGI txartela izapidetzeko KZgunearen laguntza jasotzeko, aldez aurretik hitzordua eskatu behar da, 943 02 36 63 telefono-zenbakira deituz edo web-orri honetan sartuta: https://www.kzgunea.eus/eu/aldez-aurreko-hitzordua
Legazpiko KZgunea Kultur Etxeko 1. solairuan dago, baina urtean zehar ordutegi aldakorra du. Hauxe da ordutegia:
- 9:00etatik 13:00etara, urtarrilean, martxoan, maiatzean, uztailean, urrian eta abenduan
- 16:00etatik 20:00etara, otsailean, apirilean, ekainean, irailean eta azaroan
- Abuztuan itxita dago