Gaur, maiatzak 13, Eskolako Agenda 2030 Udal Foroa ospatu da Legazpiko udaletxean. Domingo Agirre eskolako, Haztegi ikastolako eta Olazabal Institutuko ikasleek ikasturte honetan egindako lana aurkeztu diete Eric Galvez alkateari eta Oscar Valbuena garapen iraunkorreko zinegotziari. Lanak Garapen Jasangarrrirako 7. Helburua izan du ardatz: Energia irisgarria eta ez kutsagarria.
Energiaren gaia lantzen den bigarren ikasturtea da hau. Lehenengo ikasturtean, udalerriaren egoerari buruzko diagnostikoa egin zen, eta ondorioz, energiaren ekoizpen eta erabilera jasangarrian legazpiarrak sentsibilizatzea beharrezkoa zela ikusi zen.
Hori dela eta, ikasturte honetan ikastetxe horietako ikasleak mugikortasun jasangarriari buruzko informazioa prestatzen aritu dira, baita herriko energia berriztagarrien eta energia-komunitateen egoerari buruzkoa ere. Informazio hori gaur aurkeztu da Foro honetan, eta ekainaren 7an ospatuko den ENERGIAREN FESTAN erakutsiko zaie herritarrei.
Udaletik eskerrak ematen dizkiegu ikasle eta irakasleei, bi urte hauetan gai interesgarri eta zail honetan egindako lanagatik eta, legazpiarrak animatu nahi ditugu ENERGIAREN JAIAN parte hartzera.
Ziur gaude gazteek energiari buruz irakasten diguten guztiarekin ikasi eta gozatuko dugula.