pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

LINTXen etorrerarekin hasiko dira ofizialki legazpiko inauteriak
17
Ots
2017

LINTXen etorrerarekin hasiko dira ofizialki legazpiko inauteriak

Legazpiko Inauteriei hasiera ofíziala, Otsailaren 24an, ostiralean, arratsaldeko 17:00etan.

Inauteri iganderako Sustraiak Dantza Taldeak berreskuratu-asmatu zuen LINTX pertsonaiaren etorrerarekin emango zaie Legazpiko Inauteriei hasiera ofíziala, Otsailaren 24an, ostiralean, arratsaldeko 17:00etan. Horrela inauteri ostiralean, ikastetxeen desfilearen amaieran, Lintx katamotza, Katamaloz lagundurik azalduko zaigu udaletxeko balkoian eta bertan bildutakoen lana izango da zarata ateraz (txilibitu, karraka, txindata, txistu,…) eta kantuz Lintx eta katamaloak uxatzea.

Inauteri igandean berriz ere azalduko zaigu Lintx bere lagun katamaloekin eta ohi bezala panpinaren erretzearekin emango diegu aurtengoan amaiera inauteriei.

 

Ostiralean eguraldi txarra egingo balu ere Lintx-en etorrera egingo litzateke arratsaldeko 17:00etan, kasu honetan Azokako arkupeetan.

 

Hona hemen Lintx pertsonaia berreskuratu -asmatzera eraman zituzten arrazoiak, azken batean Legazpiko Inauterietarako pertsonai bat sortzeko gogoaren ondorio.

 

LYNX (grekera)

Izen honekin izendatua agertzen da Legazpiko udal dokumentu zahar batzutan katamotza. Katamotzak, otsoa eta beste animalia harrapakari  batzuk bezalaxe, inguruko baserritar eta artzainei buruhauste ugari ekartzen zizkien: artalde eta etxe-abereetan kalteak egiten zituzten eta beldurra eragin ere bai. Gisa honetako animalien ehiza baimendua zegoen eta ehizaldiak antolatzen ziren.

Euskal inauteriaren tradizioan, eta Goierri alde honetan bereziki, ohikoak ziren “limosna-eskeak”: gazteek auzoz auzo eta baserriz baserri ibiltzen ziren janari eta limosna eskean, Otsabilko deitzen zitzaion ohitura berrituz. Otsabilko, otsoarentzako eskatzea alegia, jai edo ohitura honen inguruko azalpenetako bat baino ez da, baina gure berraitona-amonek hori zuten gogoan gorde diren abestiek adierazten duten legez:

 

Otsabilko, otsabilko

Ni basoa jun da otso aundi´at ekarriko, ekarriko

Nei lukainka muturr bat emate´ez dinai

Tripaki aurrera burruntzie sartuko, sartuko

(J:M. Barandiaranek Ataunen jasoa)

 

Legazpin, XX. Mendearen hasieran, Brinkola eta Telleriarteko gazteak baserriz baserri ibili ohi ziren inauterietan. Mozorrotuta joaten ziren, aurpegiak belztuta, eta musikariz lagunduta (soinua, trikitixa, panderoa,…): Katamaloak deitzen zitzaien. Hemen dugu katamotzarekiko lotura, izenean bertan.

Hemendik abiatuz proposatu zen bere garaian pertsonai hau, LINTX, gure inauterietan txertatzea.

 

Lintxen etorrera nola egingo den eta koplak

Arratsaldeko 17:00etan haur, irakasle, guraso, herritar,… guztiak plazan gaudenean (Udaletxearen aurrealdean), Lintx katamotza eta katamaloak azalduko dira Udaletxeko balkoian. Txarangaren laguntzaz lehen kopla kantatuko dugu (bi aldiz jarraian). Kantuak irauten duen bitartean Katamaloak Lintxekin balkoian arituko dira dantzan.

 

Kanta amaitzean zarata aterako dugu eta izututa Lintx eta katamaloak alde egingo dute. (Zarata ateratzeko komeni da guztiok zerbait eramatea: txilibituak, karrakak, oihu egin,…txarangak ere lagunduko digu).

 

Berriz azalduko dira Katamaloak eta Lintx, oraingoan jai eremuan eta jende artean ibili ondoren Txaranga dagoen tokira hurbilduko dira guztiak. Aurreko jokaldia errepikatuko dugu guztiok (oraingoan ere txarangak adieraziko digu noiz hasi kantuan.) Kantua amaitzean etxafleroa botako da eta zarata ateratzen hasiko gara, Litx eta katamaloak izutzeko.

Oraingoan alde egiten dutenean gure poza adierazteko bigarren kopla kantatuko dugu era horretan Legazpiko Inauteriei hasiera ofiziala emanez.

 

KOPLAK: Doinua:Axuri beltza

 

Ostiralean

 

1) Lintx beldurtzeko deia,.

 

Lintx gaizto eta sarraski-zale

katamaloekin dator

uju ta aja, ulu ta txistu

tira karrakari gogor (bis)

(ABESTU ONDOREN ZARATA ATERA ETA DANTZA TXARANGAREKIN)

 

Litx eta katamaloak berriz azaltzean, Txarangaren ingurura gerturatzen direnean:

 

Lintx gaizto eta sarraski-zale

katamaloekin dator

uju ta aja, ulu ta txistu

tira karrakari gogor (bis)

(ABESTU ONDOREN TXAFLEROA BOTAKO DUGU)

ZARATA ATERA ETA DANTZA EGIN

 

2) Lintxek alde egin du. Ospatzeko kopla:

 

Gure zaratei esker joan da

dantza eta sua lagun

uju ta aja, ulu ta txistu

festan ospatu dezagun (bis)

 

Txarangaren txanda.

 

Eguraldiak lagunduko ez balu eta euria edo arituko balu, Lintxen etorrera Azokako Arkupeetan egingo genuke. Taulatu txiki bat jarriko genuke Lintx eta Katamaloen lehen agerraldirako. Ekitaldia egin egingo da nahiz eta desfilerik ez egin eguraldia dela medio.

 

LINTXen Agurra: Otsailaren26an, igandea, 19:00etan plazan.

Igandean, otsailaren 7an, arratsaldeko 19:00etan Gipuzkoako Inauteri Konpartsa Herrikoia plazara iristen denean berriz ere azalduko zaizkigu Lintx eta katamaloak eta ostiraleko eskema bera jarraituko dugu, baina oraingoan ez dira balkoian agertuko, zuzenean jai eremuan baizik, eta etxafleroaren ordez panpina erreko dugu.

Kasu honetan ere garrantzitsua da jendeak zarata egiteko trasteak eraman ditzan. Eta noski nola ez bi kasuetan koplak ikastea.

 

IGANDEKO KOPLAK

 

1) Lintx beldurtzeko deia, bi aldiz.

 

Lintx gaizto eta sarraski-zale

katamaloekin dator

uju ta aja, ulu ta txistu

tira karrakari gogor

 

2) Lintxek alde egin du. Ospatzeko kopla:

 

Erraldoiari esker joan da

dantza eta sua lagun

uju ta aja, ulu ta txistu

festan ospatu dezagun

Albiste guztiak