Legazpin elkartu zen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua, legegintzaldi honetan egiten ari diren saio ibiltarien barruan, lurraldeko udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutzeko eta horiekin lankidetza estutzen jarraitzeko, herritarrei erakundearen jarduera hurbiltzeaz gain. Eider Mendoza diputatu nagusia buru dela, foru diputatuek Chillida Lantokin egin dute beren asteroko batzarra.
Kontseilua egin aurretik, Eider Mendozak eta Eric Galvezek, Legazpiko alkateak, lan-topaketa bat egin zuten, herriko desafio eta proiektu nagusiak bertatik bertara ezagutzeko. Herriko hainbat elkartetako ordezkari eta eragileekin elkartzeko okasioa ere izan zuen diputatu nagusiak, haien beharrizanak zuzenean jaso ahal izateko. Kontseiluaren ondoren, berriz, Chillida Lantoki gunea ezagutu ahal izan dute foru diputatuek, eskultorearen biloba Mikel Chillidaren eskutik.
"Hurbiltasuna eta erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoak dira". "Legazpik proiektu eta erronka asko ditu, eta, horregatik, oso garrantzitsua da Aldundiaren laguntza izatea horiek gauzatu ahal izateko. Legazpik erkidegoko zahartze-tasa handienetako bat duela kontuan hartuta, Ezkurrenea proiektua (lehengo pentsioa) nabarmendu behar da, Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Maite Peña diputatuak ondo ezagutzen duten ekimena. Bakardadean sentitzen diren pertsona eta gazteen arteko elkarbizitzarako espazio bat sortzea da gure helburua. Gure ustez, proiektu hau bat dator Aldundiaren Hariak estrategiarekin. Beraz, proiektu hau aurrera eramateko eta beste asko posible izan daitezen, ezinbestekoa da Aldundiaren parte-hartzea ", iradoki zuen Eric Galvez alkateak.
“Herriaren proiektu eta estrategiak ezagutzera eta gureak partekatzera etorri gara Legazpira, baita herritarrek izan ditzaketen “kezka eta ekarpenak” jasotzera ere, azaldu zuen Eider Mendoza diputatu nagusiak. “Gipuzkoa plazatik Gipuzkoa osora zabalik lan egiten ari gara, ahalik eta herri, auzo, enpresa eta eragile gehienekin elkartzeko. Kontseilu ibiltariak bezalako ekimenek erakusten digute zein aberasgarria den maila ezberdinetan martxan jarritako elkarlan egitasmoak”, gehitu du Mendozak. “Esperientzia oso emankorra eta aberasgarria izaten ari da, bai guretzat, bai udalerrientzat”, amaitu zuen Mendozak.