Haur eta nerabeen artean gailu mugikorren gehiegizko erabilerari buruzko kezka gero eta handiagoa denez, Legazpiko udalak, hainbat kolektiboren laguntzarekin batera, ekimen komunitario bat abian jartzea erabaki du, teknologiak familien ongizatean duen eraginari buruz kontzientziatzeko. Udalak, familiek, merkatariek/ostalariek eta hiru ikastetxeetako arduradunek osatzen dute momentuz taldea, eta haur eta nerabeen artean mugikorren, tableten eta bestelako gailu teknologikoen erabileran praktika osasungarriagoak eta arduratsuagoak sustatzeko asmoa du. Gainera, mugikorraren erabilera goiztiarrak dituen arriskuen inguruan herritarrak kontzientziatu nahi ditu.
Nola parte hartu Altxa burua Legazpin
Taldea zabalik dago ekimen honetan parte hartu nahi duten Legazpiko pertsona guztientzat. Bilerak toki publikoetan egingo dira, gurasoak eta seme-alabak errazago joan daitezen. Gainera, udalak ikastetxeekin eta merkatari/ostalariekin elkarlana egin nahi du, taldearen irismena zabaltzeko eta, horrela, interesa duten familiei baliabide gehiago eskaintzeko. Mugikorraren erabilerari buruzko diagnostiko batekin hasiko gara, egoera nolakoa den jakiteko eta ikasturte honetarako plan bat diseinatzeko.
Taldearekin bat egin nahi duten pertsonek edo informazio gehiago jaso nahi dutenek formulario hau bete dezakete eta ekimen hau hurrengo asteetan nola garatuko den informazio gehiago jasoko dute.