pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Eguneko arreta zerbitzuaren inaugurazio ofiziala ezkurrenean
24
Ira
2024

Eguneko arreta zerbitzuaren inaugurazio ofiziala ezkurrenean

Urriko astelehenetan ate irekiak izango dira

 

Eguneko Arreta Zerbitzua udalak eskaintzen duen zerbitzua da. Herriko adinekoek bertara jo dezakete egunean zehar beren oinarrizko premiei eta premia soziokulturalei erantzuteko. Gainera, senitartekoei eta/edo zaintzaileei beren arreta errazteko behar duten orientazioa eta laguntza ematen die. Horrekin guztiarekin, erabiltzaileak bere familia eta gizarte ingurunean jarrai dezan laguntzen da. Azken batean, etxean bizitzen jarrai dezaten laguntzen da, eta, aldi berean, familiekiko, lagunekiko eta komunitatearekiko harremana sustatzen da.

Lehen mailako mendetasun egoeran edo -arriskuan dauden 65 urteko edo gehiagoko pertsonei zuzenduta dago. Pertsona horiek zerbitzu horretara bi orduz joan daitezke goizez eta beste bi orduz arratsaldez, eta bertan bazkaltzeko aukera dute. Gaur egun, 9 lagunentzako lekua dugu, eta horietatik 7 plaza beteta daude.

Jarduerak langile kualifikatuek prestatu eta gauzatzen dituzte, eta prebentzioaren eta integrazioaren ikuspegitik diseinatuta daude. Bi arlo lantzen dira, funtsean: lehenengoa, estimulazioko eta errehabilitazioko esku-hartzean oinarritzen da, eta gaitasunak estimulatzeko ariketa errazak egiten dira, eguneroko oinarrizko zereginak egiteko; eta, bigarrena, hezkuntza arloan oinarritzen da, eta kultura, aisialdi eta jolas jarduerak egiten dira. Gainera, osasuna eta mugimendua sustatzeko, ibilaldiak eta psikomotrizitate-ariketak egiten dira. Pertsona bakoitzaren lehentasunak, gaitasunak eta beharrak kontuan hartzen dira, eguneroko bizipena atsegina izan dadin.

Horrela, adineko pertsonen eta haien familien zenbait premiari erantzuten diegu, eta haientzat laguntza handia eta atseden txikia da.

 

Nabarmendu behar da eguneko arreta-zerbitzu hori Meazti etxean hasi zela ematen, eta denbora igaro eta izandako ibilbidea aztertu ondoren, gizarte-zerbitzuen sailetik egokitzat jo dugu zerbitzua Ezkurrenea eraikineko (Bellotako garai beteko ostatua) beheko solairura  lekualdatzea. Erabaki horrekin espazio zabalagoa lortu dugu, duela gutxi egokitu eta berritu duguna, eta apiriletik modu funtzionalagoan ematen ari dena. Udaleko gizarte-zerbitzuen konpromiso argia da, kalitate handiagoko zerbitzua eman ahal izateko.

 

Zerbitzu hau ezagutu nahi dutenei dei egiten diegu, ate irekien jardunaldietara joan daitezen. Jardunaldi horiek astelehenero egingo dira urrian, 10:30etik 12:30era eta 15:00etatik 17:00etara.

Gogorarazi nahi dizuegu, halaber, Udaleko Gizarte Ongizateko zerbitzua eskuragarri daukazuela. Zerbitzu horretan, teknikarien laguntza jasoko duzue, eta behar duzuenari buruzko aholkuak emango dizkizuete.

Albiste guztiak