II. Oholtza bete bihotz kontzertu omenaldia izango da datorren martxoaren 22an Legazpiko Azokan, Sevillako El Noi del Sucre eta Legazpiko John Dealer & The Coconuts taldeen eskutik. Legazpiko Udalak eta Beti Gazte Animakzio Elkarteak antolatuta datorkigu ekitaldi hau, Txo!esna eta Odisea Records-en laguntzarekin batera. Sarrerak irailaren 25ean jarriko dira salgai Karibe Zaharra eta Maiatza tabernetan eta baita Wegow plataformaren bidez.
El Noi del Sucre taldeko abeslaria den Lorenzo Morales, Legazpiko Saninazio jaietan izan zen iaz, musika taldeek eta jaien antolatzaileek, Andoni, Igor eta Pauri eskainitako omenaldian, lehen minututik parte hartzeko bere prestutasuna azaldu zuelarik. Moralesen ibilbidea oso luzea da eta musikaren mundua erabateko autogestiotik ulertzeko duen eta izan duen moduagatik aspaldi bihurtu zen jende askoren eredu, horien artean Andoni eta Igorrena ere. Horregatik, 2001. urtean Legazpiko Gaztetxean izan zen Lorenzo Moreales orduko bere Los Muertos De Cristo taldeareki; eta horregatik ere Beti Gazte elkartearen bitartez ekarri zen Lorenzok ekoiztutako “Ya no hay locos” filma herrira. Horretaz gain, hainbat eta hainbat kontzertu eta festibaletan izan ziren bi legazpiarrak bere ibilbidea jarraituz.
Hau guztia ezagututa, ez da harritzekoa Saninazioko eszenatokian egon ondoren, Legazpira bueltatuko zirela adostu izana, eta hau posible izan da Los Muertos De Cristo eta El Noi del Sucre taldeen 35 urtetako ibilbidearen agur-birari esker, eta noski taldeko kideek izan duten prestutasunari esker. Azken biraren datetako bat Oholtza Beti Bihotz omenaldiarekin bat egitea lortu du Beti Gazte Elkarteak, Legazpiko Udalaren laguntzarekin. Gogoan hartu behar da azken bira honetan emango diren kontzertuak ez direla edonolako kontzertuak izango!
Bigarrenik, John Dealer & the Coconuts taldea ere bertan izango dugu egun honetan. Hauek izan ziren Saninazioko omenaldian Lorenzorekin jo zutenak, eta horretarako El Noi del Sucreren zenbait abesti prestatu behar izan zituzten. Hortaz, oraingoan ere eszenatokian egotea nahi izan dugu. Esan behar da ginera, bai Beti Gaztek edota herriko beste edozein taldek edo ekitaldik behar izan duenean, beraien musikarekin laguntzeko prest egon direla beti.
Beraz, 2025eko martxoaren 22an, gaueko 22:30ean ospatuko den II. Oholtza Bete Bihotz omenaldi kontzertuan, Legazpiko Azokan izango ditugu El Noi del Sucre eta John Dealer & The Coconuts.
Sarrerak salgai jarriko dira hilaren 25ean herriko Karibe Zaharra eta Maiatza tabernetan eta Wegow plataforman.