112ra garaiz egindako dei batek biziak salba ditzake. Horixe da Eusko Jaurlaritzak 6 urtetik gorako haurrei helarazi nahi dien mezua larrialdi-egoeretan 112 telefonoa behar bezala erabiltzen laguntzeko abian jarriko duen kanpainaren bitartez.
Bideo musikal dibertigarri batean oinarrituta dagoen ekimena Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako erakunde guztiekin partekatu da, ikus-entzunezko materialaren erabilera librea egin dezaten eskolako eta prestakuntzako hitzaldietan eta sare sozialetan.
Bideoan irudi errealak eta animaziokoak konbinatzen dira, eta hainbat arrisku-egoera zuzenean bizi ondoren, hala nola etxeko istripuak, suteak edo osasun-larrialdiak, 112ra deitzen duten bi neska-mutil dira protagonistak.
Gurasoen eginkizuna:
SOS Deiak zerbitzuarentzat lehentasuna du adingabeek zuzenean ezagutzea 112ren garrantzia eta funtzionamendua; izan ere, belaunaldi berrien artean autobabesa sustatzeaz gainera, funtsezkoa da garaiz egindako dei batek biziak salbatzen lagundu dezakeela barneratzea.
Alde horretatik, kanpaina gurasoen kolektiboari ere zuzenduta dago. Berez, Eusko Jaurlaritzako larrialdien alorretik erabakigarritzat jotzen dute familiek heziketa-lan horretan bete behar duten zeregina; izan ere, familiek zuzenean irakats diezaiekete 112 behar bezala erabiltzea erabakigarria dela era horretako egoeretan.
112-ra edozein larrialdi motagatik deitu behar da: sua, lapurreta edo larrialdi medikua besteak beste. Deitu bezain pronto garrantzitsuena da ondorengo moduan komunikatzea:
1.- Izena esan
2.- Nondik deitzen den herria eta helbidea (etxea edo kalearen izena)
3.- Gertakaria deskribatu