Udalak futbol zelaiko belarra aldatzeko erabakia hartu zuen, beharra zegoelako, eta hau egiteko garai egokiena ezinbestean uda zelako, futbol zein atletismo denboraldiak ez oztopatzeko, eta ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko. Udalaren helburua beti izan da futbol-denboraldia amaitu bezain laster hastea, eta beti egon da kirol elkarteekin elkarlanean epeen berri emateko eta egikaritzea nolakoa izango zen jakinarazteko.
Lanen hasierako administrazio izapidetze guztiak eginda daude: akta sinatuta, osasun eta segurtasun plana onartuta eta obra zuzendaritza izendatuta. Enpresa materialaren horniketarekin dabil. Ez da gai erraza, kontuan izanda futbol zelai askoren belarra orain aldatuko dela lege berriaren ondorioz eta denok batera egin nahi dugula.
Kontratua esleitutakoan derrigor betetze data bat zehaztu da, irizpide teknikoak kontuan hartuta. Gure kasuan irailaren 5erako amaitu beharko da obra. Horregatik, aipatu beharra dago, kontratuko 10 asteetan hornidura faseak ere sartzen direla eta enpresak epe hori kudeatzeko aukera legala duela.
Enpresak adierazi digu finkatutako epean amaituko duela.
Udalak erantzukizunez jokatu beharra dauka eta IRENE PAREDESEN KANPUSA zein FUTBOL ZAZPI ekitaldiak tartean tokatuko zirela ikusita, eta obra jadanik esleituta zegoenez, antolatzaileekin adostuta, Irene Paredes kanpusa, Argixaon egitea erabaki zen. Bestalde, futbol 7ko antolatzaileekin ere hitz egin zen eta ekintza ez egitea erabaki zuten.
Jasotako kexen aurrean, argi utzi nahi dugu enpresak kanpusa hasi behar zen aste bedinean hasteko aukera legala zuela. Udalak geroago hastea eskatu izan balu, ez luke tresnarik izango atzerapena gertatuz gero enpresari exijitzeko eta beharrezkoa balitz, zigor ekonomikoak ezartzeko.
Zuhur jokatu nahi izan dugu eta Zumarragara joateak sor dezakeen eragozpena kontuan hartuta, udalak autobusaren kostuaren zati bat bere gain hartu du.
Irailetik aurrera instalazio berrituez gozatu ahal izango dugu.