Aurten ere, Domingo Agirre eskola komunitateak “Elkartasun Azoka” antolatuko du. Apirilaren 19an, Legazpiko Udaletxe aurreko plazan egongo dira, arratsaldeko 16:30etik 19:30era. Bertan, eskola komunitatea osatzen duten partaideek egindako jaki gozoak (bizkotxoak, erroskilak, gailetak, madalenak…), ogia…salduko dituzte, eta bertako produktuekin osatutako saskia ere zozketatuko dute.
Ikastetxean 2016an antolatzen hasitako ekintza da hau. Urte hauetan guztietan, lortutako dirua elkarte eta pertsona ezberdinei laguntzeko bideratu izan dute, besteak beste:
-2016. urtean: Aratz Aldai garuneko paralisia zuen haurra.
-2019.urtean Jon Ander Aldareguia, Mowat-Wilson gaixotasuna zuen gaztea.
-2022.urtean Ukraniako haurrentzat….
Aurtengoan berriz, jasotako dirua “ASPANOGI” elkartera bideratuko dute, Gipuzkoako haur minbizidunen familien elkartera hain zuzen ere.
Bestalde, “Elkartasun azoka” aitzakia hartuta, ikasleekin elkartasuna zer den , nola lagundu dezaketen , gure inguruan zer behar dauden…lanketa egin dute ikastetxean. Etorkizuneko herritar izango diren eskolako gaztetxoek, laguntzeko ahalmena dutela, eta ekintzarik xumeena lorpen handia izan daitekeela ohartzen joan daitezen.
Udaletik ekitaldi honetan parte hartzera animatzen zaituztegu!