Porrotx eta Marimotots pailazoak Legazpin izan ziren atzo, azaroak 28. Ez gara jaitsiko! ikuskizun berriaren bi saio eskaini zituzten Latxartegi aretoan eskola orduetan. Bata, 10.00etan HH-3. mailatik LH-1. mailara bitarteko ikasleentzat; eta bestea, 14.30ean LH-2. mailatik LH-5. mailara bitartekoentzat. Bi saioen artean, 483 lagun elkartu ziren, 455 ikasle eta 28 irakasle.
Ikuskizunean Marimotots zuhaitz baten adaburura igotzen da, goitik lurra hobeto ikusteko. Porrotxek atzetik jarraituko dio. Eta zuhaitzez zuhaitz eta adarrez adar, espero gabeko lekuetara helduko dira.
Artikora, Afrikara eta Amazoniaraino egiten duten bidaian hainbat zuhaitz, landare eta animalia agertzen dira, mundu konektatu baten aniztasuna eta aberastasuna erakusten digutenak. Abentura honetan naturarekiko errespetuzko harremana bizi duten pertsonak ezagutzen dituzte eta planeta zaintzea guztion esku dagoela konturatuko dira.
Ikuskizuna, Ez gara jaitsiko! abestiarekin amaitzen da, haurrei natura eta pertsonen zaintzatik “ez jaisteko” deia eginez.
Ikuskizunaren amaieran, ohikoa den bezala, Porrotxek, Marimototsek eta beraien kideek herriko ikasle eta irakasleekin gelaz gela taldeko argazkiak egin zituzten, oparitutako zuhaitzarekin.
Hezkuntza eta Nekazaritza zinegotzia den Edurne Matiasek eta Gazteria eta Hezkuntza teknikaria den Isabel Sanzek oparitutako pagoa jaso zuten eta aurrerago finkatuko da ikastetxeekin non landatuko den.