Kafea munduan gehien kontsumitzen den produktuetako bat da. Urteak igaro ahala, kontsumo-formatua aldatuz joan da, baina ez beti formatu iraunkor baterantz. Gaur egun oso ohikoa da kafea kapsuletan kontsumitzea, eta protagonismo handia hartu du etxean, kafetegietan edo elkarte gastronomikoetan sortzen diren hondakinen artean. Urtean ia 0,5 kg hondakin sortzen da biztanleko, eta irteera bat eman behar zaie.
Legazpiko gaikako bilketa sistema hobetzea helburu duen plan baten barruan kokatzen da ekintza hau. Hemendik aurrera, Legazpiko herritarrek erabilitako kafe-kapsulak birziklatu ahal izango dituzte. Horretarako, kafe-kapsulak biltzeko 5 edukiontzi jarri dira, olio-edukiontzien eta erabilitako arropa zaharra jasotzeko edukiontzien ondoan. Zehazki, honako puntu hauetan instalatu dira:
- Aizkorri kalea 26an, Irene Paredes kirol-guneko hormaren ondoan
- San Ignazio 26an
- Santikutz 12an, Ikastolaren aurrean
- Plazaola 9an, Azokaren atzealdea
- San Juan 2an, bidegurutzearen inguruan
Hoa hemen kafe-kapsulak biltzeko gomendioak: kafe-kapsula "solteak" bota behar dira, eta aluminiozkoak eta plastikozkoak, biak onartzen dira. Bestalde, konpostagarriak direnak "edukiontzi marroian" bota behar dira.
Kafe-kapsulak edukiontzira bota ondoren, prozesatu egingo dira. Kafe-hondarra ongarria egiteko erabiliko da, eta plastikoa eta aluminioa, edukiontziak edo hiri-altzariak egiteko. Horrela, birziklatzea eta ekonomia zirkularra sustatuko ditugu.
Zalantzarik ez izateko, informazio-liburuxkak postontzietan banatzen ari dira etxe guztietan.
Urrats hori eman arren, nabarmendu nahi dugu "ondo dagoela kafe-kapsulak bereiztea, gero birziklatzeko, baina gure gomendioa kafea ohiko moduan egitea da, hau da, kafetegailua edo eltzea erabiliz. Horrela, hondakina sortuko dugun arren (kafea bera), beti gutxiago izango da kapsula aurreztuko dugulako".