Hona hemen legazpiarroi Udalak igorritako gutuna:
"Legazpiar agurgarri hori:
Gutun honen bidez hartu nahi ez genuen neurri baten berri ematera gatoz.
Azkenaldian Agirre-Etxeberri parkean txikizioak eragin dituzte bata bestearen atzetik eta irtenbideren bat bilatzeko hainbat saiakeren ostean, Udalak parkearen goiko sarrera, Santikutz kalekoa, eta eraikina bera ixtea erabaki du.
Ateak ireki zituenetik hamaika sarraski izan dira Agirre-Etxeberri parkean. Zaborrontziak txikitu, Urola kalerantz ematen duen ate baten sarraila puskatu, pintaketak egin, frutak jaurti eta hormak zikindu, bizikletekin arrastoak belarretan, egurrezko atea txikitu, harrika leihoak eta beiratea puskatu, etab.
Oharrak bidali eta ertzainen zein udaltzainen zaintza areagotu izanagatik, txikizioek ez dute etenik izan.
Urtearen azken egunetan, bestelako gehiegikeriez gainera, sua ere egin dute eraikinaren txoko batean, eraikina bera arriskuan jarrita.
Udalak gogo onez ireki zituen bere garaian parkearen ateak, iruditzen baitzitzaion guztion erabilerarako gune publikoa dela. Alabaina, ikusita batzu-batzuk antza tematuta daudela eremu horretan kalteak eragitearekin eta horren ondoriozko arrisku eta alferrikako gastuak saihestearren, erabaki gogorra hartu du, sarbidea ixtea. Ondorioz, aurrerantzean eta harik eta eraikinean musika eskola egokitzeko obrak hasi arte, Urola kaleko sarbidea baino ez da egongo irekita, eta horrenbestez, herritarrak beheko zatira soilik sartu ahal izango dira; eraikin ingurua itxita geratuko da.
Ez da gustuz hartutako erabakia, baina horixe da irtenbide bakarra. Gutxi batzuen gizalegerik ezak eragindako neurria da; tamalez, herritar guztioi eragiten diguna.
Urte berriak jarrera aldaketa ekarriko duen itxaropena galdu gabe.
Hemen aurkezten ditugun argazkiak adibide batzuk baino ez dira, luzeegia izango baitzen txikizioen kronologia guztia aurkeztea:"