Ostegunero-ostegunero, 10:30ean, ibiltzea komeni zaien edo ibili nahi duten pertsonak biltzen dira LegazTipi-Tapa egitasmoan, eta udalerrian zehar finkatutako hainbat ibilbide egiten dituzte. Nagusilan, Gueske, Buztintegi eta kiroldegiko begiraleek laguntzen diete parte-hartzaileei.
Orain arte parte hartzaileen kopurua finko mantendu da baina kopuru hori areagotzeko ahalegina egin nahi du udalak. “Izan ere, ekimen honen bitartez, legazpiarrek maiztasun jakin batekin eta nork bere aukeren arabera lagunartean oinez ibiltzeko ohitura hartu dute” aipatu du Ugarte zinegotziak. Osasunarentzat onuragarria izateaz gain, lagunak egin edota beste pertsona batzuk ezagutzeko aukera ere ematen duela gaineratu du ongizate arloko zinegotziak.
Herrian ibilbideak ikusgai
LegazTipi-Tapa egitasmoa indartzeko asmotan, Legazpiko Udalak herrian ibilbideak markatzeko seinaleak jarriko dituzte. Modu honetan, ostegunetako hitzordutik kanpo ere, nahi duenak ibilbideak bere kabuz egiteko aukera izango du.
Negua gogorra izaten da Legazpin eta horregatik, eguraldi txarra egiten duenerako beste zenbait aukera landu dituzte antolatzaileek. Besteak beste, elizako arkupeetan, Plazaolako arkupeetan eta pilotalekuko arkupeetan ibiltzea erabaki dute. Gizarte Zentroan beste ekintza batzuk egiteko aukera ere izango dute. Eta kiroldegiko begiraleen txanda denean, pilotalekuan egingo dute ariketa fisikoa: zalutasun ariketak, etab.
Legazpiar guztiek parte hartzeko moduko proiektua da, astialdia, jarduera eta konpainia ona eskaintzeaz gainera, mezu garrantzitsua zabaltzen duena: zeinen osasungarria den oinez ibiltzea.
Udaletik interesa duten pertsona guztiei ostegunero, 10:30ean, Euskal Herria plazara gerturatzeko deia luzatu nahi die.