pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Erabat berritutako kale argiteriarekin
12
Abe
2014

Erabat berritutako kale argiteriarekin

amaituko du urtea Legazpiko Udalak

Urte osoan zehar hamaika inbertsio egin ditu, energia eta kostua aurrezteko helburuarekin
 
2014. urtean zehar, Legazpiko Udalak hainbat hobekuntza egin ditu kale argiterian: koadro zaharkituak kendu eta berriak jarri dira, eraginkortasuna bermatzearren; hainbat koadro elektrikotan fluxu erregulatzaileak ezarri dira; presio handiko sodio eta merkurio lurrunezko argien tokian LED argiak jarri dira; instalazioak hobetu dira; eta energia kontratu berriak sinatu dira, kostuak merkatzeko xedez.  
 
Bikuña-Motxorro ingurunean, esaterako, 2 koadro kendu dira: lehen 3 zeuden eta bakarra geratu da. Bestalde, orain arteko 59 kaleargien tokian 40 jarri dira, eta horiei boltajea murriztu zaie. Gainera, instalatuta izango dute pertsonen presentziaren arabera erregulatzeko gailua. Legazpiko Urrateberri enpresak azaroan zehar gauzatu eta abendu hasieran amaitutako inbertsio honek 46.000 €-ko guztizko kostua izan du; eta Udalak jarri du materiala. Gipuzkoako Foru Aldundiak 6.600 € inguruko diru laguntza eman du eta oraindik Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) erantzunaren zain daude, hortik ere laguntzaren bat jasotzea espero baitute.
 
Aldaketa honi esker, % 75 inguru murriztuko da energia kontsumoa eta gastu ekonomikoa. Ingurune honetarako proposatutako irtenbidearekin, energia aurrezteaz gainera, oraingo argi maila hobetzea lortu da, baita instalazioak kalifikazio hobea izatea ere. 
 
Gauzatutako lan hau lehenengo faseari dagokio. 2015eko lehenengo hiruhilekoan, bigarren fase bat egikaritzea baitago aurreikusita, eta era horretan, bide osoan zehar argi berrituak ezartzea.
 
Plazaola, bigarren fasean
Bestalde, Plazaola kaleari dagokionez, uztailean aurreneko inbertsioa egin zen 1. ataritik 11.era. Orain, berriz, urte amaieran, bigarren faseari (Plazaola 12-28) heldu diote, kale osoa berrituta gera dadin.
 
Bigarren inbertsio honetan 23 kaleargi oso-osorik eta beste 64 argi edo buru aldatuko dituzte. Inbertsio hau Legazpiko Sasilek enpresa ari da gauzatzen, 43.000 € inguruko kostuarekin. Aipagarria da Gipuzkoako Foru Aldundiak 30.431 €-ko diru laguntza eman duela bi  faseetarako.
 
Eremu honetarako aurreikusten diren energia eta kostu aurrezteak % 40 ingurukoak dira. 
 
Azkenik, San Inazio auzoko 4-17 zenbakietan ere egin du Udalak inbertsioa, atari horietan ez baitzuten inolako argi punturik. Lehentasunezkotzat jotako jardun honetan Legazpiko Zubitxo enpresak 6 LED kaleargi jarri ditu, 11.000 € inguruko inbertsioa gauzatuta. Eremu honetan ere bigarren fase bat egitea dago aurreikusita, eta berau gauzatu ahal izateko ezinbestekoa izango da diru laguntzaren bat jasotzea.

Albiste guztiak