Urtatza eta Plazaolako hainbat garajetan sartu dira, eta aparkatuta zeuden kamioi batzuetatik gasolina hartu dute
Aurreko astean hasi eta oraingoan ere lapurretan ibili dira Legazpin. Aurreko astean, esaterako, Urtatza eta Plazaolako hainbat garajetan indarrez sartu ziren, eta beste batzuetan sartzen ahalegindu ziren, ateetan zuloak eginda. Garaje jabeek eurek jo zuten udaltzainetara, gertatutakoaren berri ematera.
Bestalde, bart gauean, aparkatuta zeuden hainbat kamioitatik gasolina lapurtu dute. Era bateko zein besteko lapurretak gauez egin dituzte.
Udaltzainek dei egin dute mugimendu arraroren bat sumatuz gero, lehenbailehen eurengana edo ertzainengana jotzeko. Azkenaldian, txikizioak eta lapurretak eguneroko kontu bihurtu baitira udalerrian. Horregatik, aipatu dute komenigarria dela tentuz ibiltzea eta lapurretak saihesteko neurriak hartzea.