pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Plastikozko 12.874 poltsa aurreztu dituzte
27
Aza
2014

Plastikozko 12.874 poltsa aurreztu dituzte

10 orga zozkatuko dira ostiralean

Legazpiarrek plastikozko 12.874 poltsa aurreztu dituzte egindako erosketetan

 

Azaroaren 3tik 22ra bitarte iraun du kanpainak eta parte-hartzaileen artean 10 orga zozkatuko dituzte ostiralean, hilak 28

 

Hondakinen Prebentziorako Nazioarteko Astearekin bat eginez (azaroaren 22tik 30era), Legazpiko Udalak herritarren artean plastikozko poltsen erabilera murrizteko kanpaina bat egin du hilabete osoan. Udalerriko dendetara nor bere poltsarekin joatea zen helburua, eta jasotako datuen arabera, legazpiarrek plastikozko 12.874 poltsa aurreztu dituzte.

 

Egun hauetan, saltoki bakoitzak erakusleihoan dauka jarrita kanpaina honen bitartez zenbat plastikozko poltsa aurreztea lortu duen.

 

Plastikozko poltsen erabilera murrizteko kanpainaren baitan, merkatarien laguntzarekin, zozketa berezi bat prestatu du Udalak. Hori dela eta, azaroaren 3tik 22ra poltsa edo jakiontzi berrerabilgarriekin erosketa egin duten herritarrei erosketak egiteko 10 orgen zozketan parte hartzeko aukera eman zaie. Ostiralean, hilak 28, izango da zozketa, 11:00etan, Euskal Herria plazan.

 

Kanpaina honen bitartez, eguneroko erosketetan gero eta plastikozko poltsa gutxiago erabiltzea, eta beraz, hondakin gutxiago sortzea lortu nahi du Legazpiko Udalak.

 

Ez dira hain beharrezkoak

Plastikozko poltsek, batez bestean, 12 minutuko bizitza baliagarria dute. Poltsak ekoizteko eta banatzeko petrolioa, ura eta energia behar dira, eta CO2 igortzen dute. Mendeak behar dira plastiko poltsa desegiteko, eta halere, %10 baino ez dira botatzen edukiontzi horira, gerora birziklatu ahal izateko. Plastikozko poltsa gehienak zabortegietara joaten dira, edo bestela, kostaldera (hondartzetatik jasotako hondakinen %20 plastikozko poltsak dira). Benetan kaltegarriak dira itsas faunari, hegazti eta dortokei begira. Azken batean, plastikozko poltsak benetan kaltegarriak dira, eta ez daukagu zertan hainbeste erabili.

 

Udalak ohitura aldaketa sustatu nahi du herritarren artean, eta helburu horrekin antolatu ditu nola kanpaina hau, hala beste zenbait.

 

Azkenik, Udalak zoriondu egin nahi izan ditu nola saltokiak, hala parte hartu duten pertsona guztiak, nork bere aletxoa jarri baitu, hondakin gutxiago sortze aldera. Bestalde, urte osoan zehar etxetik eramandako poltsak eta jakiontziak erabiltzen jarraitzeko deia egin dute, nahiz eta kanpainarik ez izan. Jakiontziak ALBE burdindegian eros daitezke, 0,50 €-ren truke, abenduaren 5era arte.

Albiste guztiak