Berritze lanek iraun bitarteko lauzpabost egunean, itxita egongo dira bai igarobidea bai igogailua bera
Datorren astelehenean, azaroak 24, Latxartegiko igogailurako igarobidea konpontzeko lanetan hasiko dira, eta ondorioz, lanek iraun bitarteko lauzpabost egunean itxita egongo dira nola igarobidea, hala igogailua bera.
Igarobidean, arazoak izan dira hasieratik bertatik, bata bestearen atzetik. Horregatik, obra egin zuen enpresari dagokio berritze lan guztiak egitea, eta igarobidea behar bezala uztea.
Nolanahi ere den, Udala jakitun da erabiltzaileei eragozpenak eragingo dizkiela egun batzuetan igogailua ezin erabili izateak, baina ezinbesteko konponketa lana da, eta azken batean, guztion hobe beharrez egin beharrekoa.