Pasa den asteburuan izugarrizko kalteak izan dira Agirre‐Etxeberriko lorategian zein eraikinean, eta ondorioz, atzo, astelehena, ezohiko itxura zeukan ingurune guztiak: dena hankaz gora. Udaltzainek bertaratu bezain pronto jaso zituzten txikizioek eragindako kalteen irudiak.
"Horma ugaritan era askotako pintaketak egin dituzte. Lorategian, zirkuitua osatu dute, itxuraz, bizikletekin ibiltzeko, eta horrenbestez, lur guztia arrastoz josita utzi dute. Eta eraikina ere ez da libratu. Bertako 15 leiho inguru hautsi dituzte harrika, bai leihoetakoak eta baita balkoi batekoak ere. Pertsiana bat zulatu dute, eta barrura sartutako harri batek jota, komun bat ere txikitu dute", azaldu du Udaltzain Buruak, "eraikin guztia harrikatu dute".
Ez da udalerrian eragindako lehenengo txikizioa, duela ez asko futbol zelai inguruan ere kalte material ugari eragin baitzituzten. Horregatik, Udal Gobernuak oso haserre dagoela adierazi du. "Jokaera bidegabe eta zentzugabea da. Ez dira ohartzen guztion kalterako ari direla. Horrelako jarrerekin atzerapausoak besterik ez dira ematen. Legazpiarron ondarea da, eta ezinbestekoa da guztion artean zaintzea", adierazi dute.