5 eta 11 urte bitarteko haurrei, beraien gurasoei eta herriko bestelako eragileei galdetuko zaie
Legazpiko udalak herriko 5 eta 11 urte bitarteko haurren beharren azterketa egin nahi du,
ezertan hasi baino lehen, diagnostiko bat egin eta hortik aurrera,
haurrekin aurrera eramango duen politika definitu ahal izateko.
Horretarako Lorratz elkartea kontratatu du.
Elkarte honek, beste zerbitzuen artean, herriko Nerabeentzako Zerbitzua kudeatzen du 2004.urtetik
eta herriaren errealitatea ezagutzen du.
Azterketa urtarrilean hasi zen eta ekainerako amaitzea aurreikusi da.
Lehengo fasea, marko teorikoarekiko gerturatzea, amaituta dago.
Fase honetan idatzita dagoen dokumentazioaren azterketa egin dute:
-
Zein den marko legala, hau da, legeak zer dioen haurtzaroaren inguruan.
-
Gaztematikak, hau da, Gipuzkoan Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sistemak haurrentzako definitzen duen Haurrentzako Zerbitzua.
-
Haurtzaroko psikologia ebolutiboa.
-
Legazpiko haurtzaroaren argazki sozio-demografikoa: populaziotik haurren portzentajea, haurrengan eragiten duten joera ekonomiko, kultural, sozialak, ohiturak, etab.
-
Herrian dauden zerbitzu, ekipamendu eta baliabideak identifikatzea eta beraien eskaintza jasotzea.
Bigarren fasea garatzen ere hasita daude. Hau da, azterketaren diseinua eta garapena.
Horrela haurrekin eta beraien inguruan aritzen diren beste eragileekin harremanetan jartzen hasita daude. Fase honetan haurren egoera eta beharrak identifikatzea da helburu, teknika eta tresna ezberdinak erabiliz. Horrela familia, eskola, auzoa, zaletasunak, aisialdia, herrian faltan botatzen dutena, izango dute hizpide. Hauxe da egiten ari diren lana:
-
Haurren iritzia jasotzea: Hartzaile zuzenekin harremanetan jarri dira herriko bi ikastetxeetan ikasten ari diren Haur Hezkuntza-5etik Lehen Hezkuntza-6.mailara bitarteko haurrekin. Haztegi ikastolakoekin martxoaren 27tik 31ra eta Domingo Agirre ikastetxekoekin apirilaren 3tik 7ra.
-
Gurasoen iritzia jasotzea: Ikastetxeen bidez, martxoaren 20tik 31ra bitartean, 5 eta 11 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei galdekizun bat bidali diete, beraien seme-alaben beharrak zeintzuk diren antzemateko.
-
Herriko beste eragileen iritzia jasotzea: herriko ikastetxeak, Osasun arloa, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak eta, nola ez, kirola, kultura eta aisialdian aritzen diren beste eragileak ere.
Bukatzeko, informazio guzti hori jaso ondoren, emaitzak aztertuko dira eta ondorioak aterako dira.
Horiek guztiak proposamen-txosten batean jasoko dira eta espero da ekainerako horren berri izatea eta ondoren jakitera ematea.