Aniztasun handiko herria dugu Legazpi. Gaurko datuei erreparatuz 8.448 biztanlek osatzen dugu herria eta hauen artean 52 lurralde desberdinetatik etorritakoak ditugu. Kultura desberdin hauek ikusgai egiteko nahiarekin Kulturen Arteko Eguna antolatu dute Legazpiko Udalak eta Hotz Legazpi elkarteak, hau urriaren 19an aurrera eramango delarik.
Ez da lehenengo aldia kultura desberdinak elkartzen dituen egun bat ospatzen dela Legazpin. Bere garaian Oripavi elkarteak horrelako festa bat antolatu izan zuen, bost urtetan zehar. Orain, gogoa eta indarrak berpiztuta, Legazpiko Udalak eta Hotz Legazpik heldu diote Kulturen Arteko Egunaren ospakizunari.
Urte hasiera aldera aurrera egin zen lehenengo bilera irekiaren deialdia, herrialde desberdinetatik etorritako bizilagunak etorri ziren bertara, eta herriko elkarte batzuk ere; handik geroztik ideiak elkarbanatu eta egitarau dotorea osatu dugu. Horrela, hamaika herrialdetako ordezkariak izango ditugu urriaren 19an plazan: Cuba, Pakistan, Honduras, Peru, Nicaragua, Argentina, Senegal, Marruekos, Venezuela, Mendebaldeko Sahara eta Euskadi hain zuzen ere. Janari postuekin batera bitxikeriak ere izango dira salgai Pitxiar, Mor Mbathie eta Mikromakrame postuekin; Kattalin elkartea ere gure artean izango dugu.
Herrialde hauek bertako janari tipikoa eskainiko digute eguerdiko 12.00etatik aurrera Euskal Herria plazan, euria eginten badu Azokan izango ditugularik. Janariaz gain herrialde batzuetako artisautza ere izango dugu salgai eta ikusgai postuetan. Honetaz aparte, tailerrak ere ez dira faltako: mikromakrame, txapak, trentzak, henna, arabiar idazkera eta eskuekin margotzea. Musika eta dantza emanaldiak ere izango dira: Legazpiko Labbatu batukadak girotuko ditu kaleak bere lehenengo emanaldiarekin, musika eskolako kideen kontzertua izango dugu, herrialde desberdinetako dantza ikuskizunak… eta eguna borobiltzeko Kawadeni taldearen emanaldia egongo da. Etxeko txikientzako, ipuin kontaketa eta Sorgintxulorekin jokoak ez dira faltako.
Guztien lankidetzarekin gogoz eta mimoz osatu dugu Kulturen Arteko Egunaren kartela eta honetan aipatu behar da ere Libe Andueza ilustratzaileak egin digun oparia, hau da, gure karteleko irudia: Legazpi munduan, herrialde desberdinak beso artean hartzen dituena.
Urriaren 19an, eguerdiko 12.00etan hasi eta arratsaldeko 18.30ak arte ekintza hauek guztiak aurrera eramango dira Legazpi Kulturen Arteko Eguna ospatzeko. Horrez gero, plazara gerturatzeko deialdia luzatu nahi diegu herritarrei, egun honetaz gurekin gozatu dezaten!