Udaleko Garapen Iraunkorraren eta Trantsizio Energetikoaren alorrak Legazpiko Komunitate Energetikoaren sorrera bultzatu du (TEK Legazpi), eta Udala bertako kide da. Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legearen arabera sortu da. Lege horrek energia berriztagarrien eta trantsizio energetikoaren proiektuetan herritarren parte-hartzea sustatzea du helburu.
Zer da TEK (Tokiko Energia Elkartea)? Irabazi-asmorik gabeko elkartea da, osoko bilkurak 2023ko abenduan onartutako estatutuen arabera arautuko dena, eta bere bazkideei edo kideei edo jarduten duen tokiko eremuei ingurumen-onurak, ekonomikoak edo sozialak emateko helburuarekin jardungo du, finantza-irabazien ordez.
Besteak beste:
- Jasangarritasun energetikoan laguntzea, udalerriko bizilagunek eta saltokiek energia berriztagarriaren ekoizpena eta kontsumoa sustatuz.
- Jasangarritasun energetikoaren kulturan herritarren kontzientzia sustatzea.
- Udalerrian energia-kalteberatasuneko egoerak saihesten laguntzea.
- 2030 Agendaren Garapen Iraunkorreko Helburuak (GJH) kontzientziatzea eta herritarren artean zabaltzea, hiri eta komunitate jasangarriak lortzearekin lotuta.
Azpimarratzekoa da Gipuzkoan sortutako mota honetako energia-komunitateek aukera ematen dietela bazkideei beren faktura elektrikoa gutxienez %25 murrizteko, murriztu egiten baitu energia ekoizteko zentro handietatik energia hori garraiatzeko beharrak eragindako eraginkortasun-galera. Aurreikusitako eguzki-instalazioetatik 2 kilometrora dauden bizilagunek eta denda txikiek jaso ahal izango dituzte onurak.
Eskaera otsailaren 9an egin zen Eusko Jaurlaritzako erregistroan. Udalak abian jartzen duen tresna bat da, bidezko trantsizio energetikoa sustatzeko. Plaka foltovoltaikoak instalatzeko udal-estalkiak lagatzen hasiko da, baina irekita egongo da hirugarrenekin (publikoak edo pribatuak) akordioak lortzeko eta beste energia berriztagarri mota batzuk instalatzeko.
Urte honen amaieran Tokiko Energia Elkartea martxan egotea aurreikusten da, eta aldez aurretik herritarrei proiektua azaltzeko informazioa emateko prozesu bat egingo da.
Garapen Jasangarriko eta Trantsizio Energetikoko zinegotzia, Óscar Valbuenak, eta udal teknikari, Alonso Francesek, TEK honen sorrera aurkeztu zioten Naturklimaren Energia Eraldaketarako Bulegoari, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Iraunkortasun Departamentuaren mende dagoen erakundea.