Pentsatu al duzu inoiz aisialdiko begirale izatea?
Ahaztezina izan da udalekuetan edo udako kanpaldietan izan duzun esperientzia?
Zergatik ez zara aisialdiko begirale titulua ateratzera animatzen?
Ez galdu titulu hori Legazpin bertan eskuratzeko aukera!
Beste behin ere, datorren ikasturteari begira,
Legazpiko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Zerbitzuak
Aisialdiko begiralearen ikastaro berri bat antolatzea proposatu du.
Ikastaroa antolatzeko, gutxienez 20 pertsonako eta gehienez 25eko taldea osatu behar da.
Urtxintxa eskolak euskaraz eskainiko du ikastaroa
eta Legazpiko Kultur Etxean egingo da,
2021eko urritik 2022ko maiatzera.
Zehazki, ikastaroa 18 larunbatetan egingo da
eta, horiez gain, 5 egun Gabonetan, 9:00etatik 15:00etara,
eta otsaileko asteburu bat Pasaiako aterpetxe batean
(larunbateko 10:00etatik igandeko 14:00etara).
Ikastaroak bi zati ditu: 150 ordu teoriko (nahitaez egin beharrekoak) eta 160 orduko praktikaldia.
Praktikak egin ondoren, memoria bat aurkeztu beharko da.
Praktikak egin ahal izateko, 18 urte beteta izan beharko dira.
Aipatutako programa betetzen dutenek Eusko Jaurlaritzaren
Haurren eta Gazteen Aisialdiko Jardueren begirale-titulua eskuratuko dute.
Matrikularen prezioa 450 eurokoa izango da.
Prezio horretan ez dira sartzen aterpetxera joateko gastuak.
Ordainketa bi epetan egin ahal izango da.
Ikastaroan, 18 urte dituzten edo 2022an betetzen dituzten
legazpiarrek hartu ahal izango dute parte.
Gehienez ere 25 plaza egongo dira,
eta beste udalerri batzuetako pertsonak ere hartu ahal izango dira, plazak bete arte.
Interesdunek behean ageri den inprimakia bete behar dute,
ekainaren 18ko 13:00ak arte.
Taldea osatzen bada, ondoren matrikulatzeko epea irekiko da.
Legazpiko Udalaren ibilbidea, aisialdia bultzatzeko
Legazpiko Udalak aisialdiko begirale izateko 9 ikastaro antolatu ditu:
6 Legazpin eta 3 udalerritik kanpo, Zumarragako, Urretxuko eta Beasaingo udalekin lankidetzan.
Guztira 145 legazpiar gaztek hartu dute parte ikastaro horietan.
Ikastaroez gain, Legazpiko Udalak beste hainbeste urtez (9 guztira),
laguntza ekonomikoa eman die udalerritik kanpo prestakuntza egin duten herriko 17 gazteri,
matrikularen prezioaren erdia diruz lagunduz.
Zehazki, 15 laguni begirale-ikastaroa egiteko eta beste 2 laguni zuzendari-ikastaroa egiteko.
2021-2022an aisialdiko begirale-ikastaroa egin nahi dutenek bete beharreko inprimakia