Goenagako edateko ur-biltegiak araztutako eta tratatutako ura jaso eta pilatzen du, ondoren udalerrian kontsumitzeko.
Joan den larunbatean, iluntzean, biltegiko alarmak jo eta gero, Gipuzkoako Urak enpresako langile batek nerabe batzuk ikusi zituen bertatik irteten.
Biltegiko edateko ura zuzenean iristen da Legazpiko etxeetara, eta, beraz, Gipuzkoako Urak enpresak, badaezpadako neurri gisa, Goenagako biltegian pilatutako ur guztia hustea eta udalerria beste biltegi bateko urarekin hornitzea erabaki zuen.
Larunbat goizaldetik, 1.500 metro kubo inguru edateko ur husten ari dira; kopuru hori, gutxi gorabehera, Legazpiko egun eta erdiko kontsumoa da.
Gertaera larria izan da eta gaztetxo batzuen okerkeria bat izatetik askoz haratago doa; hortaz, udala ikastetxeekin jarri da harremanetan haien laguntza eskatzeko, eta eskaera bera helarazi die Legazpiko gurasoei ere.