Eguzkia da, bai, martxoko asmakizunaren erantzuna. Negua joan da, eta akaso, eguzki gosez gaude guztiok! Edozein delarik ere arrazoia, estimatua dugu euskaldunok eguzkia eta errespetu handia diogu.
Zientifikoki aztertuta, izar bat da; argitsua, beroa eta eguzki sistemaren ardatza. Egun-argia ekartzen digu eguzkiak; eta ilargiarekin batera osatzen du eguna. Bi astroak harremanetan daude, eta erlijioak, kulturak, gizarteak eta zientziak ere, luze jardun dute eguzkia eta ilargiaren arteko loturaz.
Euskal Mitologian ere garrantzia handia du eguzkiak: Jeinu gaiztoen kontrako indar handia du, eguna argitzen denean jeinu gaiztoak erretirarazten baititu. Jeinu gaiztoek, eguzkiaren izpiak sentitutakoan, boterea eta dohainak galdu egiten omen dituzte. Horregatik jartzen dugu baserriaren sarrerako atean eguzkiaren indarra irudikatzen duen Eguzkilorea, jeinu gaiztoak etxe ingurutik uxatu eta etxekoak babesteko.
Eguzkia baino beste bero-iturri naturalik ez zuen munduan, eta nekazari mundua izanik are gehiago, eguzkia da bizitza, eguzkia da gizakiei argia, elikagaia eta berotasuna ematen diena. Beroa eta argia ematen dio ama lurrari; eta eguzkiaren menpe dago lurreko bizitza osoa.
Ez da harritzekoa beraz, eguzkiaren faboretan egindako hainbat errito izatea gure artean, tartean guganaino heldu direnak: San Juan bezperan su pizteak bezala. Udako eta neguko solstizioetan eguzkiari eta suari lotutako erritoak dira ezagunenak eta ondoen gorde direnak, baina horrek ez du inolaz ere esan nahi, horiek bakarrak izan direnik.
Aita Barandiaranek askotan jaso zituen eguzkiaren gaineko erreferentziak, eta garbi adierazten du, eguzkia sartaldetik ezkutatzen denean, Lurraren barnean sartzen ari zela sinesten zutela ordukoek. Jasotako erreferentzia horietan Eguzkiaamona da eta Lurra da bere ama. Horrela, Euskal Herriko zenbait eskualdetan eguzkia ezkutatzerakoan agurra ematen diote era honetara:
"Eguzki amandrea badoa bere amagana..."
"Eguzki santu bedeinkatue, zoaz zure amagana, etorri zaitez bihar denbora ona bada"
Eta beste zenbait lekutan "agur" esaten diote, besterik gabe; zeren agurtu ezean, negarrez erretiratzen omen da eguzkia, bere amarengana.
Santa Ageda bezperan ere makilak lurraren kontra nola astintzen ditugun ikusita, negu hotzaren erdian, lurra iratzarri nahian ez ote gabiltza ba! bere amarengana joan den eguzki amandrea gurera lehenbailehen itzuli dadin, alajaina.
Eta ezkontza bat dela edo jaunartze bat dela, ez al gara inoiz joan eguzki eske Santa Klara komentura, arrautza oparia egitera? Kontua da Santa Klara dela eguzki amandrearen izen kristaua.
Gizakia eta eguzkiaren arteko harremana handia da, eta eguzkiari begira bizi da euskal gizartea ere. Hainbat erritu ospatu ohi zituzten eguzkia gurtzeko: makilekin lurra joaz eguzkia iratzartzeko, arrautzak oparituz eguzkiari deitzeko, eta bidean ahaztuta geratu diren beste hainbat, eguzkiaren presentziaz eta haren argiaren eta haren beroaren onurak gozatzeko.
Eta hala erakusten dute, baita ere, eguzkiaren gainean sortutako esaera zaharrek ere. Ikus ditzagun batzuk:
- Eguzki eta euri, martxoko eguraldi
- Eguzkia eta euria, Erromako zubia:
- Eguzkia nora, zapiak hara:
- Eguzki bera, on ala gaiztoentzat
- Otsaila bero, negua gero
- Eguzkirik gabeko iganderik ez
- Euria eta eguzkia, karakolen ezteia
- Marigorri gorri, bihar eguzki eta etzi euri