2020ko maiatzean, Udalak zuzeneko laguntza ekonomikoen lerro bat jarri zuen martxan, mikroenpresen lehiakortasuna hobetzeko eta tokiko merkataritza biziberritzeko.
Laguntza horien artean 25.000 euroko diru-laguntza lerro bat zegoen, tokiko mikroenpresen, merkataritzaren eta ostalaritzaren lokalak COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren eskakizunetara egokitzeko egindako inbertsioetarako. Diru-laguntza horiei beste 28.838 € gehitu zitzaizkien Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Landa Ingurunea Sustatzeko Sailaren Ekonomia Suspertzeko Programatik.
Azaroan, emandako laguntzak zuzeneko laguntzen programara bideratutako 53.838 €-tik urrun zeudela ikusita, Gobernu Batzordeak inbertsioetarako diru-laguntzaren zenbatekoa handitzea erabaki zuen, jarduera ekonomiko bakoitzeko, gehienez, 4.000 €-ra arte.
Legazpiko jarduera ekonomikoen erantzuna berehala etorri zen; beraz, Udalak handitu egin behar izan zuen laguntzen partida, eta, azkenean, 68.237 eurokoa izan da.
Onuradun izan diren 40 jardueretatik, 7 dendak izan dira, 19 taberna eta jatetxeak eta 14 bestelako jarduera ekonomikoak.
Egindako inbertsioari dagokionez, honakoak izan dira jasotako diru-laguntzen ehunekoak:
- 32 jarduerek % 70 jaso dute
- 5 jarduerek % 65,5 jaso dute
- 3 jarduerek % 55,8 jaso dute