pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Otsaileko egutegiaren asmakizunaren erantzuna: Lotsa
03
Mar
2021

Otsaileko egutegiaren asmakizunaren erantzuna: Lotsa

Euskara edota edozein hizkuntza ikasten ari den edonork lotsa sentitzea ohikoa da.

Hauxe  zen asmakizuna: Zer dela eta zer dela, ez daukanak daukanari ematen diona?.

 

Eduki ez, eta daukanari eman? Ez da erraza hori ulertzea!

 

‘Arrazoia’ pentsatu du baten batek. Arrazoia norberak izan ez eta badaukanari ematen omen zaio. Beharko bai! Baina ez gara oso emanak arrazoia inori ematen.

 

Gure lehiaketan, Inauterietako irudiak badu zerikusirik erantzunarekin. Beraz, beste aukera baten bila jo dugu: ‘LOTSA’. Hori bai!

 

Inauterietan lotsarik ez daukanak gozatu egiten du majo! Lotsa daukanari lotsa sentiarazteraino askotan.

 

Beraz, LOTSAk euskararekin duen lotura izango dugu hizpide oraingoan.

 

Euskara edota edozein hizkuntza ikasten ari den edonork lotsa sentitzea ohikoa da, bere burua barregarri sumatzea eta baita zer esan ez dakiela geratzea ere. Horregatik, aholku batzuk eman dizkigute euskaltegiko irakasleek, lotsa eta beldurrari aurre egiteko, hizkuntzak ikasi eta jendaurrean lasai hitz egiteko.

 

  • Lotsa sentitzen duzula onartu lasai. Beldurra eta lotsa bezalako sentsazioak dituzula konturatzea ona da. Askeago sentituko zara eta ausartago jokatuko duzu.
  • Saia zaitez, ahal den neurrian,  zeri buruz hitz egingo duzun aurreikusten, eta horri lotutako esaldiak eta hitzak aurretik presta itzazu.
  • Galdetu. Ez geratu duda barruan duzula. Ez izan beldurrik inori galdetzeko eta ingurukoek ere segur aski gustura lagunduko dizute. Galdera txar bakarra egiten ez dena da.
  • Ez jokatu zorrotz zure buruarekin. Hizkuntza bat ikasten ari zara. Akatsak egitea normala da, ikasketa prozesuaren parte da eta ez da ezer txarrik gertatzen. Gainera, akatsek eta zailtasunek zer hobetu erakutsiko dizute.
  • Mintzalaguna bezalako egitasmoetan parte har ezazu. Hemen Legazpin urteak dira euskara ikasten ari direnak eta euskal hiztunak elkartzen direla, eta emaitza ederrak eman ditu elkarlan horrek. Anima zaitez!
  • Aukeratu solaskideak eta egoerak. Aukera itzazu egokiak iruditzen zaizkizun egoerak, pertsonak eta momentuak. Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan. Legazpin baduzu aukera!
  • Ikasi. Zenbat eta gehiago ezagutu hizkuntza, orduan eta baliabide gehiago izango dituzu komunikatzeko eta erosoago arituko zara.
  • Erabili. Lotsarik gabe. Bizikletaz ibiltzen ikasi genuenean bezalaxe, ez baitago ikasterik ibili gabe. Hizkuntzarekin berdin, ez dago ikasterik erabili gabe.

Kontuan izatekoak dira, bai, aholku hauek. Ez dira aholku txarrak! Animatuko gara eta lotsarik gabe eragingo diogu mingainari.

Albiste guztiak