Asmakizunaren erantzuna BEGIAK dela eta, munduari begiratzeko moduaz hitz egingo dugu. Izan ere, hizkuntzak perspektiba jakin bat ematen digu. Ez da inguratzen gaituen horretara gerturatzeko tresna hutsa. Mundua ikusteko modu jakin bat ematen digu hizkuntzak.
Hizkuntza bat komunikaziorako tresna baino gehiago da. Ideiak trukatzeko baino gehiagorako balio du. Eta esaten ari garen honen argigarri pare bat eredu emango dizkizuegu: kitxua hizkuntza eta inuiten hizkuntza.
Kitxua hizkuntza Kolonbia, Peru eta Ekuadorreko zonalde batzuetako hizkuntza da. Hizkuntza horretan ez dute gaizkia izendatzeko hitzik. Hizkuntza horretan ez dago ideia, kontzeptu hori adierazteko hitzik. Hori adierazteko beste moduren bat aurkitzen dute hiztunek. Guk badugu gaizkia eta horrelaxe esaten diogu. Kitxua hiztunentzat, ordea, ez da bereziki aipagarria.
Inuitak Alaska, Kanada eta Groenlandian bizi dira, leku oso hotzetan. Han oso ohituta daude elurra izatera eta, izan ere, elurrari erreferentzia egiteko hitz mordoa erabiltzen dute ñabardura txikienak ere adierazteko: aniu (lurreko elurra), kanevvluk (elur arina), murvaneq (elur sakona), natquik (elur-zurrunbiloa), nevluk (elur itsaskorra), quineq (elurra ur gainean), nutaryuk (elur berria)… Guk ez dugu horrelakorik, ezta? Elurra, elurbustia… eta ez gehiagorik. Gure mundu ikuskeran elurra ez da horren inportantea,.
Eta zer esan gure hizkuntzari, euskarari buruz? Noski, guk ere badugu mundua ikusteko geure era. Eta ez dator beti gaztelaniaren ikuspuntuarekin bat. Pentsatzeko moduko zenbait ezaugarri bildu ditugu, ea gure mundu-ikuskera nolakoa den.
1. Euskarak ez du generorik, ez daukagu hitz maskulino eta femeninorik. Antza, euskarak berdindu egiten gaitu guztiok, berdin zaio emakumezkoa ala gizonezkoa den:
laguna / irakaslea / laguntzailea / irakurlea / aurkezlea / gidaria / hiztuna / zintzoa / arduratsua / musikaria …
2. Euskaraz ez gara berandutzen zerbait egiten, ez dugu tardatzen. Ez daukagu gaztelaniazko tardar aditzaren parekorik euskaraz. Ikusi adibidea:
¿Cuánto se tarda en hacer eso ?
Zenbat denbora behar da hau edo hori egiteko?
3. Gizakion arteko harremanak zuka izaten dira normalean. Baina harreman estua dugunon artean hika aritzen gara. Zu, arrunta, eta Hi, lagunartekoa.
Gaztelaniaz antzerako zerbait egiten da: tú eta usted erabiltzen dira, baina modu desberdinean. tú da tratamendu arrunta, eta hortik gora, usted erabiltzen da. Euskaraz, ordea, zu ez dena, hi izango da, harreman estuaren adierazle, maila goragokoa zein beheragokoa izan; gizarte mailari begiratu gabe, alegia.
4. Euskaraz sukaldean jakiak prestatu egiten ditugu; cocinaresateko hau ala bestea prestatu esango du euskal hiztunak. Bazkaria prestatu, babarrunak prestatu, bisigua prestatu… zehaztasuna behar du euskarak, dirudienez. Gaztelaniaz Pedro está cocinando esango dute, baina euskaraz zerbait gehiago beharko dugu: Pedro zerbait(kokotxak, kroketak, porru patatak , patata tortila…) prestatzen ari da.
Ikusi ditugu, beraz, euskararen berezitasun batzuk. Nolako mundu ikuskera dugun kontziente egitea ez da erraza guretzat, “horrela” delako, besterik gabe. Baina, hizkuntzak beste hainbat gogoetari buruz aritzeko bidea ematen digu. Beste txoko batzuetara eramaten gaitu, botere-harremanez hitz egiteko, historiaz, politikaz, generoaz eta beste hainbat kontuz pentsatzeko bidea irekitzen du.
Orain, Agur, esan beharrean, hobe laster arte esan. Edo, hurrengo hilabete arte!