Legazpiko udalak ekipo informatikoak eta eskola-materiala erosteko diru-laguntzak kaleratu ditu.
Covid-19ak eragindako pandemiak sortu duen testuinguru sozial eta ekonomikoan beharrezkoa da diru-laguntza hauen helburu zehatzak zeintzuk diren gogoraraztea: batetik, haurren eskolaratzean familiei laguntzea, etxean berezko baliabideak eskura ditzaten; eta bestetik, herriko dendetan erostea sustatzea.
Legazpiko udalak 20.000 euro bideratu ditu egitasmo honetara: erdia, ekipo informatikoak erosteko (lehendabizikoz), eta beste erdia, eskola-materiala erosteko (bigarren urtez).
Urtean 27.000 euro edo gutxiago kobratzen duten familiek 150 euro jasoko dute gehienez familiako, ekipo informatikoak erosteko eta 100 euro gehienez haur bakoitzeko, eskola-materiala erosteko.
27.000,01 euro eta 40.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten familiek berriz, 100 euro jasoko dituzte gehienez familiako, ekipo informatikoetarako eta 70 euro gehienez haur bakoitzeko, eskola-materiala erosteko.
Familia ugarien kasuan, urtean 37.000 euro edo gutxiago kobratzen dutenek 150 euro jasoko dute gehienez familiako, ekipo informatikoak erosteko eta 100 euro gehienez haur bakoitzeko, eskola-materiala erosteko.
Aldiz, familia-unitatearen diru-sarrerak 37.000,01 euro eta 50.000 euro bitartekoak badira, 125 euro gehienez familiako, ekipoak erosteko eta 80 euro gehienez haur bakoitzeko, eskola-materiala erosteko.
Legazpiko Udalak diruz lagunduko ditu 2020ko irailaren 1etik urriaren 30era bitartean egindako erosketak: eskola-materiala Legazpiko dendetan erosiko da, baina informatika-ekipoen kasuan, Legazpin erosterik ez dagoenez, salbuespen gisa, udalerritik kanpo erosi ahal izango dira, baina Gipuzkoako Lurralde Historikoko dendetan.
Laguntzen onuradun izan ahalko dira familia-unitate bateko kide diren pertsona fisikoak baldin eta beren kargura badute Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren Ondoko (Batxilergoa eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloa) edozein mailatan matrikulatutako ikasleren bat.
Eskatzaileak eta adingabeak Legazpiko helbide berean egon beharko dute erroldatuta diru-laguntza eskatzen den egunean.
Aurkeztu beharrekoak:
1. Diru-laguntzen eskaera orria
2. Fakturak. Laguntza jasoko duenaren izenean eta erositako materialak zehaztuta.
3. Familia-unitateko kideen errenta aitorpenak.
4. Ikastetxearen ziurtagiria, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako ikasleen kasuan.
Eskaerak aurkezteko epea: irailaren 1etik urriaren 30era bitartean
Lekua: Udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoa
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:00etara.
Online ere tramitatu daitezke, ziurtagiri digitala izanez gero, Udaletxeko webgunearen egoitza elektronikoaren bidez.
Informazio gehiago tramitearen fitxan:
https://tramiteak.legazpi.eus/fitxak/6.17
Eta gogoratu … Udan, babestu zu eta zureak Koronabirusaren aurkako 3 erremedio hauekin:
(1) musukoa, (2) 1,5 metroko distantzia soziala, eta (3) eskuak garbitu.