Urtero etortzen dira Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak udaletxera Eskolako Agenda 2030 programan egindako lana aurkeztera, lehenik alkateari eta, ondoren, 2030 Agendaren Foroari.
Bizi dugun osasun-egoeraren ondorioz, aurten ezin izan gara ohi bezala elkartu eta ezin izan dugu landutakoari buruz aurrez aurre hitz egin. Egoerak hala behartuta, betiko formatua aldatu behar izan dugu: udalak bideo-konferentziaz erantzungo die ikasleen eskari eta proposamenei.
Eskolako Agenda 2030 programan parte hartu duten Legazpiko ikasleek ondorio nagusi bat atera dute: ahalegindu behar dugu erabilera bakarreko plastikoa saihesten, “erabili eta bota” kontzeptua burutik kendu behar dugu.
Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleek esaldi bakarrean laburtu dute euren lana: “Hamaiketakoan eta askarian ere plastikorik ez!”. Lelo honek bikain adierazten du ikasle hauek hartu duten konpromisoa: behin erabili eta botatzeko bilgarriak erabili ordez, plastikozkoak edo aluminio-papera, besteak beste; bilgarri berrerabilgarriak erabiliko dituzte.
Gainera, udalari eskatu diote gai honi buruzko kanpainak egin ditzan.
Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleen lana laburtzen duen esaldia, aldiz, hau da: “Minutu batez ahoan, betirako ingurumenean”. Kontuan hartu dute plastikoa degradatzeko 500 urte behar direla, eta konpromisoa hartu dute plastikoz bildutako produkturik ez kontsumitzeko. Udalari plastikozko botila hutsak biltzeko makinak ipini ditzan eskatu diote, beste herrialde batzuetan egin duten antzera.
Udalak, baina, ezin dio eskaera honi bere kabuz erantzun eta Sasietako mankomunitateari helarazteko konpromisoa hartu dugu.
Bestalde, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek “Transformers” kontzeptua erabili dute euren lana laburbiltzeko. Lan horren funtsa izan da hondakin plastikoen balizko erabilpenak identifikatzea. Ekonomia zirkularrera egin duten lehen hurbilketa batean, hondakinen berrerabilpenari buruz hausnartu dute: etxean sortutako hondakinak bildu eta horiek erabiliz Transformers-ak egin dituzte. Hondakin plastikoen harira, ikasle hauek kale-garbitzaileekin egon dira eta kaleak eta parkeak plastikozko bilgarrik gabe mantentzen laguntzeko konpromisoa hartu dute.
Azkenik, udalari eskatu diote gai honi buruzko kanpainak egin ditzan.
Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleek esaldi honetan laburtu dute egindako lana: “Mikroplastikoak, makroproblema”. Mikroplastikoek eragiten duten arazo larriaren inguruan hausnartu dute: mikroplastikoak produktu askotan daude edo beste plastiko batzuk degradatzen sortzen dira, eta, tamaina txikikoak izanagatik, kalte handia eragiten diote naturari. Adibidez, ibai eta itsasoko arrainei kalte handia egiten die mikroplastikoak: janaria delakoan, mikroplastikoa jaten dute. Gazteek konpromiso hau hartu dute: produktuen osagaiei erreparatuko diete mikroplastikoak dituztenak saihesteko.
Gainera, udalari eskatu diote gai honi buruzko sentsibilizazio kanpainak egin ditzan.
Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleek, bestalde, esaldi honetan laburtu dute euren lana: “Plastikoak aurpegi asko ditu”. Ekonomia zirkularraren kontzeptua landu dute, bai eta hondakin plastikoen balizko erabilerak identifikatzearen garrantzia ere, hondakin guztiak edukiontzi horira bota ez ditzagun. Ondorio hau atera dute: “erabili eta bota” ohitura baztertu behar dugu ez delako batere jasangarria eta material batzuk, plastikoa barne, berrerabilgarriak direlako.
Udalari sentsibilizazio kanpaina gehiago egin ditzan eskatu diote.
Batxilergoko ikasleak Greta Thunbergekek bultzatutako "Fridays for future" mugimenduan oinarritu dira eta euren lana esaldi honetan laburtu dute: "Ostirala etorkizunaren alde" eta astebete plastikorik gabe igarotzeko erronka egin dute.
Legazpiko Udala erreferente da Euskal Herrian, ingurumena errespetatzen duten udal-jarduerak abian jartzeari dagokionean. Izan ere, duela 21 urte ekin zion lan ildo honi.
Horregatik, gustura hartzen ditugu Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko Legazpiko ikasleek hartu dituzten konpromisoak. Ipini dituzten erronkak ez dira makalak, eta espero dugu zikinkeria gutxiago sortuko dela gazteak ibiltzen diren inguruetan.
Udalak lanean jarraituko du herritarren egunerokotasunetik ekonomia zirkularraren printzipioak sustatzeko, edukiontzira bideratutako hondakinek bizitza luzeagoa izan dezaketela erakutsiz, beste erabilera batzuk bururatzen bazaizkigu, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek erakutsi digutenaren haritik.
Hauxe da iraunkortasunaren bidea: gutako bakoitzak gure planeta babesteko aletxoa jartzea, banakako keinu txikiek aldaketa globalak ekartzen dituzte-eta.
Beraz, egindako lana eskertu baino ez dugu. Halaber, konpromisoa hartu dugu 2030 Agendaren Foroan eta garapen jasangarrirako udal-zerbitzuan lanean jarraitzeko.
ESKERRIK ASKO!