Gaur, abenduak 18, egin dute azken irteera, eta Eguberrien bueltan itzuliko dira
Hogeitaka aste bete ditu dagoeneko Udaleko Gizarte Zerbitzuek bultzatutako LegazTipi-Tapa ekimenak, eta Eguberrietako jaiegunak datozela-eta opor egunak hartuko ditu. Gaur, abenduak 18, izan dute urteko azken hitzordua, eta oporren bueltan itzuliko dira.
Ostegunero-ostegunero, 10:30ean, ibiltzea komeni zaien edo ibili nahi duten pertsonak biltzen dira, eta udalerrian zehar finkatutako hainbat ibilbide egiten dituzte. Nagusilan, Gueske, Buztintegi eta kiroldegiko begiraleek laguntzen diete parte-hartzaileei goizeko ibileratxoan.
Ekimenaren helburua da legazpiarrek maiztasun jakin batekin eta nork bere aukeren arabera lagunartean oinez ibiltzeko ohitura hartzea. Hala, osasun etxeko sendagileek eurek ere ibilbideetan parte hartzeko gomendatzen diete gaixoei.
Aukerak, eguraldi txarra egiten duenerako
Negua gogorra izaten da gurean, eta eguraldi txarrarekin egin litezkeen beste zenbait aukera landu dituzte.
Besteak beste, elizako arkupeetan, Plazaolako arkupeetan eta pilotalekuko arkupeetan ibiltzea erabaki dute. Gizarte Zentroan beste ekintza batzuk egiteko aukera ere izango dute. Eta kiroldegiko begiraleen txanda denean, pilotalekuan egingo dute ariketa fisikoa: zalutasun ariketak, etab.
Legazpiar guztiek parte hartzeko moduko proiektua da, astialdia, jarduera eta konpainia ona eskaintzeaz gainera, mezu garrantzitsua zabaltzen duena: zeinen osasungarria den oinez ibiltzea.
Udaletik interesa duten pertsona guztiei deia egin diete oporren ostean azaltzeko hitzordura. Urtarriletik aurrera ere ostegunero elkartuko dira, 10:30ean, Euskal Herria plazan.