Herriko merkataritza sektoreari bultzada emateko dendariekin batera sustapen kanpaina prestatu du udalak
Gabonetan herriko merkataritza sektoreari bultzada berezia emateko ‘Oparitu Legazpi’ kanpaina abiatu du Legazpiko Udalak. Kanpaina honetako prestaketa lanetan herriko merkatariek ere parte hartu dute. Besteak beste, spotaren grabaketan bertako merkatariak izan dira protagonista.
Ikus spota Youtube-ko udalaren kanalean
Udalak garrantzia berezia ematen dio herrian merkataritza sektore bizia eta indartsua izateari, horregatik herritarrak Gabonetako erosketak herrian bertan egitera animatu nahi ditu. “Herriko dendek mugimendua sortzen dute kaleetan, herritarren arteko hartu emanak sendotu eta herritarrek herrian bertan lan egiteko aukera ematen die, guzti hori mantentzeko denok ahalegin txiki bat egin behar dugu” azaldu du Rakel Puente merkataritza arloko zinegotziak. “Gainera, Legazpin mota guztietako produktuak ditugu eskuragarri eta beraz, erosketak egiteko ez daukagu kanpora joateko beharrik”, gaineratu du. Hori dela-eta, aipatutako kanpaina ez dela Gabonetara soilik mugatuko ere aurreratu du.
‘Oparitu Legazpi’ leloa lau haizetara zabaldu nahi du udalak, eta horretarako bitarteko ezberdinak kaleratu ditu. Opari kutxetan jartzeko pegatinak eta globoak banatuko dira dendetan eta baita Gabonetako ekitaldi berezietan ere. Legazpiko merkatariek jai egunei begira beraien eskaintza onenak biltzen dituen bideo laburra ere osatu du Udalak. Horretaz gain, 2015erako egutegian ere hainbat urtetan Legazpin lanean izan diren merkatariak omendu nahi izan dituzte. “Herrian bertan beste inora joan gabe, opari ederrak egin daitezke beraz, badakizue gabon hauetan Oparitu Legazpi” azaldu du udalak.