Antolatzaileek aurreko asteburuko ekintzei buruzko oso balorazio positiboa egin dute
Ostiralean, 60 haurrek parte hartu zuten jolasetan, eta larunbatean, 39 haur eta 6 begirale joan ziren izotz jauregira
Asteburu oparoa izan dugu aurrekoa. Udaleko Euskara Zerbitzutik bi ekintza interesgarri bultzatu dituzte, eta behin igarota, antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute.
Ostiralean, hasteko, jolasak izan ziren Urbeltz pilotalekuan, Txatxilipurdi Elkartearen eskutik. 60 haur inguru bildu ziren, eta 50 bat guraso ere jolasean aritu ziren. Birziklatutako jostailuak eta jolas erraldoiak oso egokiak izan ziren umeak eta gurasoak elkarrekin aritzeko.
Umeak eta gurasoak aisialdian ere elkarrekin euskaraz aritzea eta ondo pasatzea zen helburua; antolatzaileen aburuz, ederki bete zutena: "Bai tailerren egokitasunari begira, bai euskararen erabilerari dagokionean, eta baita ume eta guraso kopurua kontuan hartuta ere, oso balorazio positiboa egin dugu", azaldu dute.
Izotz jauregian, ezin hobeto
Larunbatean, berriz, Donostiako izotz jauregira joan ziren 39 haur eta Sorgintxulo Aisialdi Taldeko 6 begirale. Udaleko Gazteria eta Hezkuntza Sailak eta Euskara Sailak urtean zehar Sorgintxuloko begiraleen laguntzarekin antolatzen dituzten ekintzetako bat izan zen.
Urteko programa horren baitan, urtean bitan joaten dira Txuri-Urdin izotz jauregira patinatzera: otsailean, LH-6koekin, eta azaroan, LH-5ekoekin.
Haurrek oso gustuko duten ekintza da, eta ezinbesteko baldintza da euskaraz hitz egitea. Garai batean, bi mailak batera joaten ziren, baina haur asko elkartzen zirenez, arazoak izaten ziren autobuseko plazekin. Horregatik, iaz, bi mailak bereiztea erabaki zen.
Arratsaldea, lagunartean
Arratsaldeko 15:00etan irten ziren Legazpitik eta 16:00etan izotz jauregia ireki orduko hantxe sartu ziren: patinak eta kaskoak hartu... eta izotzetara!
Sorgintxuloko begiraleak haurrekin ibili ziren jolasean, batzuekin eta besteekin: hobeto dabiltzanekin jolasean, harrapaketan, dantzan…. eta lehenengo aldiz joan zirenekin, eskutik heldu, eta poliki-poliki. Erorketak ugariak izan ziren, eta horren ondorioz, barreak ere bai.
Ondoren, pista utzi, eta taldean askaldu zuten. Azkenik, 19:00etan, autobusa hartu eta leher eginda etxera egin zuten buelta.
Batek baino gehiagok errepikatuko du, seguru asko!